Oñatiko udala

Udal zergetan hobaria jasotzeko eskaera urtero berritu behar dute familia ugariek

2024/01/24
Card image cap
Aurten ez da jakinarazpen gutunik bidaliko udaletxetik

  Familia ugariei aplikatu ohi zaizkien hobariak urteko diru-sarreren araberakoak dira. Familia errenta urtetik urtera aldatu daitekeenez, honetan oinarritutako udal hobariak ere urtero eskatu behar dira. Hainbat urtetan informazio edo gogorarazpen gutunak eta bete beharreko inprimakiak bidali zaizkie familia ugariei baina aurten ez da halakorik egingo.

  Bi dira familia ugariei begira nagusiki aplikatzen diren hobariak: ibilgailuen gaineko zergan eta ondasun higiezinen gaineko zergan. Baina hobaria handiagoa edo txikiagoa da familia-unitatearen urteko errentaren arabera. Horregatik, familia ugari titulua indarrean dela eta dituzten diru-sarrerak urtero egiaztatu behar dituzte, eskaera urtero berrituta. Eskaera orriarekin batera adierazitako ezaugarriak egiaztatzeko dokumentazioa atxiki dezakete edo egiaztapena egiteko baimena eman diezaiekete udal ordezkariei. Eskaera orria beteta edonoiz aurkeztu daiteke baina lehenbailehen egitea komeni da, udal zerga eta tasaren kobrantzan zuzenean aplikatu dadin. Bestela, dagokion proportzioan itzuliko da, gerora.

  Beste hobari batzuk ere ematen ditu Udalak: autokontsumorako eguzki indarra, geotermia, aerotermia edo biomasa erabiltzen duten edo A efizientzia energetikoaren etiketa duten etxebizitzetako jabeei zuzenduta, ondasun higiezinen gaineko zergan, eta motor hibridoa, elektrikoa edo CO2 isuri baxua duten ibilgailuen jabeei edo antzinatasun handiko ibilgailuen jabeei, ibilgailuen gaineko zergan. Kasu hauetan ordea, nahikoa da eskaera behin egitea, automatikoki aplikatzen baita hurrengo urteetan, udal ordenantza fiskaletan zehaztuta dagoen epealdian. 

  Hobari eskaera gehien ibilgailuen eta ondasun higiezinen gaineko zergen inguruan aplikatzen dira; lehena ordaintzeko epea martxoaren 1etik apirilaren 25era luzatuko da eta bigarrena, maiatzaren 15etik uztailaren 10era. Tributuen hobari eskaera online aurkeztu daiteke udalaren erregistro digitalean edo paperean beteta udaletxeko HAZ bulegoan. Eskaera orri-eredua prestatuta dago eta udaleko web ataritik deskargatu daiteke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!