Udal tasa eta zergetan hainbat hobekuntza egitea proposatu du EAJk
Alokairurako etxebizitzen eskaintza sustatzeko, tokiko merkataritzari laguntzeko eta herritarren egunerokotasuna hobetzeko ordenantza fiskaletan hainbat hobekuntza egitea proposatu dute jeltzaleek. EH Bildurekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira.
Oñatirekin eta oñatiarren ongizatearekin duen konpromisoa berretsi du Amaia Erostarbe bozeramaileak. Testuinguru horretan kokatu ditu 2024ko ordenantza fiskalekiko jeltzaleek egin dituzten proposamenak. Eraginkortasunean, errealismoan eta erantzukizunean oinarritutako proposamenak direla esan du, Oñatiko bizi kalitateari eutsi eta aldi berean, udal finantzak iraunkorrak izatea bermatzen duen oreka mantenduz.
Bost proposamen konkretu egin ditu EAJk. Batetik, Ondasun Higiezinen Zergan hutsik dauden etxebizitzei aplikatu ohi zaien %100eko errekargua kentzea eskatzen du, alokairuko etxebizitzen eskaintzaren eboluzioan eraginik ez duelako izan, azken urteetan eta gaur egun, neurri zigortzaile hutsa dela diote jeltzaleek. Era beran, alokatuta dauden etxebizitzen zergan %50eko hobaria aplikatzea eskatzen dute. Bizigune edo Alokabideren bitartez alokatzen diren etxebizitzek aipatu hobaria jasotzen dute egun, baina kontratu pribatuen bitartez alokatutakoei ere aplikatzea eskatzen dute jeltzaleek. Hirugarrenik, kiroldegiko tasetan gazteen adin muga 22 urtetatik 25era jasotzea eskatzen dute. Tokiko merkataritzako negozio berriak eraiki edo birgaitzeko hobaria % 90era jasotzea eta abian diren negozioei ere aplikatzea proposatzen dute, tokiko merkataritza bultzatzeko neurri gisa. Eta azkenik, txandakako aparkaleku guneetan aparkatzeko denbora 2 ordura luzatzea.
Aipatu hobekuntza proposamenak Udal Gobernuari helarazi zaizkio. Oñatiko bizi-kalitatea hobetuko duen zerga-politika ekitatibo eta eraginkorra sustatzearen alde EH Bildurekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira ordezkari jeltzaleak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!