Oñatiko udala

Udal ordenantza fiskalak % 2,51 jasoko dira 2025ean baina zabor eta hondakin bilketa tasa 168 eurotan finkatuko da

2024/10/25
Card image cap
EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren ezezkoarekin onartu ziren

  Udaleko zerga eta tasen eztabaida izan zen atzoko Osoko Bilkuran. Udalbatza osatzen duten bi taldeak ados etorri ziren zabor eta hiri hondakin solidoak etxez etxe biltzeagatik oinarrizko tasa 168.12 eurotan finkatzeko beharrean, Europar legediak hala agintzen baitu. Adostasunik ez zen izan ordea, KPIaren mailako igoerarekin; EAJk udal zerga eta tasak bere horretan, igoerarik gabe mantentzea proposatzen baitzuen. Izozte horrek udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatean edota dirulaguntzak eskaintzeko gaitasunean eragingo duela erantzun zion alkateak.

  Bestalde, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata jaso eta horren arabera kalkulatzen diren taulak eguneratzea eta udal batzorde ezberdinetatik jasotako proposamen txikiekin, ordenantzetako puntuak osatu eta hobetzea proposatu zuen gobernu taldeak.

  EAJk egindako proposamenen inguruan, hiru baztertu eta bi, moldatuta, jaso direla argitu zuen alkateak; etxebizitza hutsei aplikatu ohi zaien %100eko errekargua kentzearen kontra dago gobernu taldea, kiroldegiko tasetan jarritako 22 urteko muga 25era igotzea ez du egoki ikusten eta, ezta ere, auto elektrikoak kargatzeko gunea duten eraikinei ondasun higiezinen gaineko zergan %50eko hobaria ezartzea. Onartu berriz, bi proposamen onartu dira, egokitzapen batzuk eginda: ikastaro eta matrikulen tasei lotutako egungo multzokatzea aldatzea eta helduen eta adingabekoen muga 22 urtetan finkatuko da, batetik, eta hutsik egon eta alokatzeko helburuz konpontzen diren etxebizitzei obren gaineko zergan %90eko hobaria aplikatuko zaie, bestetik. Baina hobari hau jasotzeko jarritako baldintza batek eztabaida sortu zuen bi taldeen artean; alokairu kontratuaren hileko zenbatekoa 550 eurora mugatzea proposatu zuen gobernu taldeak, baina jeltzaleek 660 eurotara jasotzea nahi zuten. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak argitaratutako datuak aipatu zituen alkateak eta Oñatin, alokairu librean dauden 260 etxebizitzen bataz besteko alokairua 550 eurokoa dela argitu zuen.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek irakurketa ezberdina egin zuten proposatutako ordenantza fiskalen inguruan. Pozik zegoela esan zuen alkateak, oposizioak orokorrean egoki ikusi dituelako EH Bilduk egindako ordenantza proposamena. Jeltzaleak aldiz, ez ziren halako pozik agertu eta eurek proposatutakoa bere horretan eta aldaketarik gabe onartzea bere taldearekiko keinua izango litzatekeela erantzun zuen Amaia Erostarbek. Akordiorik ez lortzeko jarrera leporatu zion gobernu taldeari bozeramale jeltzaleak. Hori ukatu egin zuen Izaro Elorza alkateak eta adostasunera iristeko helburuz egindako bilerak eta dokumentu eta proposamen-idatzi trukeak gogoratu zituen.

  Azkenean, eta irizpideen araberako bozketa partzialen ondoren, ordenantza fiskalen proposamen orokorra bozkatu zen eta EH Bilduk alde eta EAJ kontra azaldu ziren. Baina gobernu taldearen botoak nahikoak dira eta 2025eko ordenantza fiskalak gehiengoz onartu ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!