Oñatiko udala

Udal hauteskundeetarako lau hautagaitza aurkeztu dira Oñatin, EH Bildu, PP, PSE-EE eta EAJ

2023/04/26
Card image cap
Hautagaien behin behineko zerrendak gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean

  Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetara aurkeztu diren hautagai zerrendak argitaratu dira gaur. Irregulartasun edo akatsak dagoen ikusi eta zuzentzeko epea izango da apirilaren 30ra bitartean eta datorren asteartean argitaratuko dira behin betiko hautagaitzak. Oñatin, udal hauteskundeetarako aurreikusitako lau alderdi eta taldeen zerrendak kaleratu dira: Euskal Herria Bildu, Partido Popular del Pais Vasco, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra eta Euzko Alderdi Jeltzalea-Partido Nacionalista Vasco.

  Publikoki jada iragarrita zeuden lau hautagaitza hauen buru izango diren alkategaien izenak: Izaro Elorza Arregi EH Bilduko ordezkaria, Ricardo Guisado Urbano popularra, Aitziber Fernandez Azurmendi sozialista eta Amaia Erostarbe Letamendi jeltzalea. Baina alkategaien izenak ez ezik, titular izango diren 17 lagunen eta ordezkoen zerrendak kaleratu dira gaur. Egun Oñatiko udalbatza osatzen duten 9 lagunek errepikatu egiten dute EH Bildu eta EAJren zerrendetan, postu ezberdinetan. 

  Hauek dira zerrenda bakoitzean, lehenengo bost postuetan, dauden  hautagaiak: Izaro Elorza Arregui, Xabier Igartua Loidi, Lierni Altube Moyua, Anik Zubizarreta Arturo eta Iñigo Ruiz Barron, EH Bildutik; Ricardo Guisado Urbano, Mª Carmen Olaran Mugica, Eva Pereyra Corcostegui, Jose Antonio Aldayturriaga Alfaro eta Richard Martin Lewington PPtik; Aitziber Fernandez Azurmendi, Julian Garcia Lazarraga, Mª Angeles Huarte Lacabe, Sergio Castillo Berrondo eta Victoria Pizarro Gonzalez, PSE-EEtik eta Amaia Erostarbe Letamendi, Xabier Mugarza Ayastuy, Itziar Alonso Aguirre, Eva Mª Gayubo Cazorla eta Jon Kepa Guerricagoitia Arrien, EAJtik. Jeltzaleen zerrendan aurrez udal hautetsi izan ziren Miren Elgarresta eta Lourdes Idoiaga ere agertzen dira.

  Maiatzaren 28an Batzar Nagusietarako hauteskundeak ere izango dira. Deba-Urola barrutian, sei hautagaitza aurkeztu dira: ia aipatutako EH Bildu, PP, PSE-EE eta EAJ rekin batera, Elkarrekin Podemos-Ezker anitza/IU-Berdeak Equo-Alianza verde koalizioa eta STOP taldea. Batzar Nagusietarako hautagaitzetan ere bi oñatiarren izenak ikusi ditugu lehen begiradan, Nerea Zubia Blazquez EH Bilduren zerrendan 8.a eta Mª Jose Etxegoien Arzuaga EAJren zerrendan 9.a.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!