Oñatiko udala

Udal hauteskundeetarako EAJren hautagai-zerrenda aurkeztu zen Goiena plazan, atzo

2023/05/05
Card image cap
Talde sendoa, konprometitua eta anitza osatu dutela esan zuen Amaia Erostarbe zerrendaburuak

  EAJren alkategaiak taldearen konpromisoa eta lanerako gaitasuna azpimarratu zituen eta Oñatik aurrera egiteko alboan talderik onena izango duela esan zuen; talde sendoa, konprometitua eta anitza, esperientzia eta berritasuna uztartzen dituen eta lanerako prest dagoen taldea dela zehaztu zuen Amaia Erostarbek.

  Oñatik aurrera egiteko eta etorkizunera begira jartzeko behar duen aldaketa gidatuko duen taldea aurkezten zutela esan zuen alkategai jeltzaleak. Eta aldaketa hori 3 ardatzen baitan burutu asmo dutela aurreratu zuen: pertsonak eta ongizatea, esparru sozioekonomikoa eta udalerri atsegin, seguru eta kalitatezko ekipamenduduna. Hori guztia herritarren lankidetza eta parte-hartzearekin egin nahi dutela esan zuen Amaia Erostarbe jeltzaleak.

  Ekitaldian, hautagai-zerrendan bigarren eta hirugarren postuan aurkezten diren Xabier Mugarzak eta Itziar Alonsok ere berba egin zuten, aurrera pauso bat eman eta hautagai izateko konpromisoa zergatik hartu duten azalduz. Biok bat etorri ziren oñatiarrentzat herririk hoberena egin nahi dutela esaterakoan, eta ahalegin horretan, gazteentzat etxebizitzak eraikitzeko Garay eremuaren garapena eta etxe hutsen birgaitzea, Olaitturrin musika eskola berria eraikitzea eta elkarbizitzarako beste eredu bat lantzea proposatu zuten, besteak beste. Oñatik aurrera egiteko behar duen bermea EAJrena dela erantsi zuen Amaia Erostarbek eta EAJ gauzak ondo egingo direnaren eta hitza beteko dutenaren bermea dela esan zuen.

  Goiena plazara hurbildutakoei EAJren Oñatiko zerrenda osatzen duten 20 lagunen aurkezpena banaka egin zitzaien,  hautagai bakoitzaren izena aipatzerakoan aulkitik jaiki eta agurtuz. Aurkezpen ekitaldian Deba-Urola barrutiko zerrendaburuak, Maria Eugenia Arrizabalagak ere parte hartu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!