Udal hauteskundeei begirako Herri Programa aurkeztu du EH Bilduk
Orain urtebete hasi zen Oñatiko EH Bildu Herri proiektua lantzen. Askotariko herritarren ekarpenekin osatutako dokumentuak oñatiarren bizitza duina bermatu eta egungo erronkei aurre egitea helburua duela adierazi zen asteazkeneko aurkezpenean. Sei egitasmo zehatz eta bederatzi lan-ildo biltzen ditu Herri Programak.
Hauek dira 6 egitasmoak: energia berriztagarrien merkaturatzailea sortzea; harrera plana; Zaintza plan integrala; zero bazterkeria egitasmoa; unibertsitatea herriari zabaldu; eta elikadura burujabetzarako bidean. Burujabetza energetikorantz urratsak ematen jarraitzeko bidean, energia brriztagarrien merkaturtzailea sortu asmo du EH Bilduk; herrira datorren pertsona orok herrian dituen zerbitzu eta baliabideak ezagutu ditzan Harrera Plana osatuko da, euskaran eta gazteengan azpimarra jarrita; Zaintzailea kontutan hartu eta bereziki zainduko duen Zaintza plan integrala landuko da; Zero bazterkeria egitasmoa osatuko da, herritar guztien bizi-baldintza duinak bermatzeko; Unibertsitatea herriari zabalduko zaio, sorreratik izan duen formaziorako eta ikasketa-leku izaera berreskuratuz; eta elikadura burujabetzarako bidean urratsak emango dira, besteak beste, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubi lana eginez.
Aldi berean, eta herrigintzatik, zeharkako 9 lan-ildo lantzen jarraituko da: etxebizitza; herri hezitzailea; garapen sozioekonomikoa; euskara eta kultura; irisgarritasuna eta landa eremua; basogintza; natura eta kirola; ongizatea; eta indarkeria matxista. Maiatzaren 28tik aurrera, aipatu lan ildo horietan sakontzeko arlokako mahaiak berriro aktibatuko dira. Herrigintza-eskola moduko bat eratu asmo da, etorkizuneko Oñati irudikatu eta sortzen doazen erronka eta beharrei erantzuna ematen joateko. Arnas luzeko egitasmoa da, epe ertain-luzean garatzen joango litzatekeena.
EH Bilduk osatu duen Herri Programa datozen egunetan banatuko da etxeetara.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!