Udal gerakina gehienbat iaz gauzatu gabeko proiektuetara bideratzea eta proiektu berriak egitea mugatzea salatu du EAJk
2023ko aurrekontu likidazioaren haritik, urteko lehen kreditu aldaketa onartu zen azken osoko bilkuran. Ia 2 milioi eta erdi euroko kreditu gehigarria onartu zen, EH Bilduren aldeko botoz eta EAJren abstentzioarekin. Plenoko eztabaidan Xabier Mugarzak esan zuen aurrekontu txertaketa eta gehigarri gehienekin, gutxi gora behera, ados egon arren, koherentzia falta dagoela, abenduan onartu eta likidazioan aldatzen diren aurrekontuen artean. Koherentzia falta horretan argudiatu zuen jeltzaleen abstentzioa. Orain, prentsa ohar bidez, azaldu dute beraien jarrera.
Zerga urtearen itxierak bistako egin du, beste behin, udal gobernuak konpromisoak betetzeko duen plangintza eta zehaztasun eza adierazi du Amaia Erostarbe bozeramaile jeltzaleak. Horren harira, iazko gerakina, batez ere, 2023an gauzatu gabeko partida eta proiektuetara bideratu dela nabarmendu dute jeltzaleek, kiroldegiko kantxa urdineko obren eta Eltziako igogailurako inbertsioen kasuan izan ezik. Bestalde, azaldu dute udal gobernuak milioi bat euro baino gehiago gehitu dituela gastuen partidan baina zatirik garrantzitsuena, kiroldegiko lanak finantzatzeko mailegua amortizatzeko erabiliko dela.
Abenduan onartutako aurrekontuak orain martxoan onartutakoarekin zerikusirik ez duela diote jeltzaleek, gerakinaren gehikuntzen balioa abenduan onartutako aurrekontuaren %14 dela azalduz, zifra altuegia, jeltzaleen ustez. 4 milioi eurokoa da, abenduko 23 milioiko aurrekontuaren %17a, alegia. Gainera, aurrezki arrunta nabarmen murrizten dela adierazi dute, 1,5 milioitik 0,6 milioitara. Ondorioz, hasierako diskurtsoari ezin eutsi izana leporatu diete jeltzaleek.
Aurrekontuan txertatzeko hiru proiektu proposatu ditu EAJk eta beste behin baztertu izana salatu du prentsa oharrean. Oñatitik San Prudentziora autobus lanzadera zerbitzua eskaintzeko aurreproiektua egitea; Ugarkalde, Kasablankako eta San Martin egoitzako terrazako lorategiak berritzea eta Kale Zaharra-Otadui zuhaiztiko irisgarritasuna hobetzeko 55.000 euroko partida zehaztea proposatu zuen EAJk.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!