Oñatiko udala

Udal Euskaltegia eta Txipistin zerbitzua Eltziara aldatuko dira, Bidebarrietako lokala eraberritu bitartean

2024/06/20
Card image cap
Leku aldaketa udako oporretan egingo da eta 2024-2025 ikasturtea Eltzian hasiko dute

  Udal Euskaltegia 2005-2006 ikasturtean ireki zen Bidebarrieta kaleko 18an, aurrez, hainbat urtez, Errekaldeko eskolan kokatu zen. Baina ia 20 urte hauetan ez da konponketa edo egokitze lanik egin bertan eta beharra badago: berokuntza sistema orain pare bat urte hondatu zen eta egun hartzen dituen zerbitzu ezberdinen beharretara egokitzeko espazioa berrantolatu behar da. Horregatik, eraberritze lanak egitea erabaki zen eta martxoan eraberritze lanen exekuzio proiektua idatzi eta obra zuzentzeko zerbitzua kontratatzea erabaki zen. Exekuzio proiektua Amaia Igartua Arkitektura enpresari esleitu zitzaion eta aste gutxiren bueltan amaitzea espero da. Bitartean, 2023-2024 ikasturtea egungo lokalean bukatuko dute euskaltegiko ikasle eta irakasleek.

  Udako opor edo eskola gabeko eguna probestuko dira materiala bildu eta Eltziako behin behineko Euskaltegira eraman eta bertan prestatzeko. Eltziako 3. solairuan 4 gela hartuko dira Euskaltegiko beharretarako. 2024-2025 ikasturtea bertan hasiko da. Txipistin zerbitzua ere Eltziara aldatuko da.

  Izan ere, Bidebarrieta kaleko 18an, Udal Euskaltegia ez ezik, Txipistin, jatorri anitzeko oñatiarren programa ere hartzen du. Guztientzako gelak berrantolatuko dira, matxuratutako berotze sistema aldatuko da eta bestelako egokitze lan batzuk ere egin litezke, beti ere, exekuzio proiektuan idatzi eta udal arduradunek onartzen dutenaren arabera. Lan hori oraindik bukatu gabe dago baina Udal Euskaltegiak eta Txipistin zerbitzuak ikasturte berria Eltziako geletan hasiko dutela aurreratu genezake.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!