Oñatiko udala

Udal eraikinen mantenu taldeko arduradun plaza betetzeko deialdia egin du Udalak

2025/03/05
Card image cap
Hautaketa prozesura aurkezteko izen-ematea bihar irekiko da, apirilaren 2ra arte

  Udal eraikin eta lokalen mantentze prebentibo eta zuzentzaileko lanak antolatu eta kontrolatzea izango da langile berriaren zeregin nagusia; egin beharreko mantentze lanen planifikazioa zehaztu, jarduketak prestatu, beharrezko materialak eskatzeaz arduratu, lan parteak idatzi eta, beharrezkoa denean, larrialdiei erantzun beharko die, besteak beste. Horretarako, bere ardurapean dituen langileen lanak antolatu, kontrolatu eta gainbegiratu beharko ditu, unitateari buruzko mantentze-kontratuen preskripzio teknikoen agiriak egiten lagundu beharko du eta unitateari buruzko erreklamazioei, ondare-kalteei, azpiegitura edo instalazioetan egindako hobekuntzei eta erosketa berriei buruzko txostenak osatu beharko ditu. Gainera, askotariko lanbideetako eginkizunak bete, eta erabilitako material eta tresnen antolamendu eta erabilera egokiaz arduratu beharko du, erosteko proposamenak egitearekin batera.

  Udal eraikinen mantenu taldeko arduradun plaza betetzeko lehiaketa-oposizio irekia deitu du Udalak eta horretarako iragarkia gaur argitaratu da Estatuko Boletin Ofizialean, izena emateko epea zabalduz, apirilaren 2ra arte. Hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko, Lanbide Heziketa II lanbide klasikoetan edo pareko titulazio akademikoa izatea eskatzen da, 3. Hizkuntza Eskakizunaren mailako euskara ezagutza, C1 edo EGA parekoa, eta B motako gidabaimena. Horrezaz gain, azterketa eskubideengatik tasa ere ordaindu behar da (21,32 €).

  Hautagaiek hiruzpalau ariketa gainditu beharko dituzte oposizio fasean: azterketa teorikoa, praktikoa eta gaitasun eta nortasun probak, eta euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarari dagokiona ere bai. Lehiaketa fasean, berriz, lan esperientzia eta prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak baloratuko dira. Kaleratu berri den udal eraikinen mantenu taldeko arduradun plaza hau 2024ko enplegu publikoaren eskaintzan jaso zen.

  Udalak bete asmo dituen lanpostuen inguruko beste ohar bat ere zabaldu da goizean: kiroldegian bete asmo diren bi administrari laguntzaile plazetarako azterketa praktikoaren ordutegia aurreratu da. Azterketa ostiralean, martxoaren 7an egingo baita Eltzian, baina 8:30etan hasiko da, iragarri zen ordutegia ordu erdiz aurreratuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!