Udal egutegia irudikatuko duten argazkiak astelehenean aukeratuko dira
2025eko udal egutegiko irudiak hautatzeko argazki lehiaketa antolatu du Udalak. 38 argazki aurkeztu dira baina 28k bakarrik betetzen dituzte Udalak jarritako baldintzak, hau da, Ura (eta beste) energia iturri (batzuk) Oñatin gaiaren ingurukoak izatea, Oñatin ateratakoak izatea eta egilea Oñatin erroldatuta egotea. 28 horien artean 13 argazki aukeratuko dira; batek, datorren urteko egutegia irekiko du, beste 12ek hilabete bakoitzari dagokion orria irudikatuko dute.
Astelehenean bilduko da hartarako izendatu den epaimahaia eta udal egutegi berrirako 13 argazki aukeratuko ditu, esan bezala. Epaimahaia argazkigintza arloan ari diren zazpi aditu eta zaleek osatuko dute. Aukeraketa bi urratsetan egingo da: lehenengo, epaimahaiko kide bakoitzak bere zerrenda osatuko du eta, ondoren, aukeratutako argazki bakoitzari puntuak emango dizkiete. Puntuazio altuena lortzen duten 13 argazkiek osatuko duten 2025eko egutegia. Saritan, 1.050 euro banatuko dira guztira: azaleko argazkiaren egileak 150 euro eskuratuko ditu eta hilabeteko orria irudikatzen duten gainontzeko 12 argazkien egileek, 75na euro jasoko dituzte.
Udaleko euskara departamentuak urtero kaleratu ohi dituen egutegiek gai nagusi bat izaten dute. Aurtengo gaia, udalarentzat garrantzitsua den eta aspalditik sustatzen ari den energia iturri jasangarriak izan da, zehazki, ura. Orain arte, zerbitzuko teknikariak arduratu dira argazkiak topatzen baina aurten, lehiaketa bidez hautatzea erabaki da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!