Oñatiko udala

Udal dirulaguntzetarako deialdi berriak aztergai izango dira Tokiko Gobernu Batzarrean

2025/02/13
Card image cap
Adikzio mota desberdinen tratamendurako eta su detektagailuak jartzeko dirulaguntzen 2025eko deialdiak onartzea proposatuko da

  Aurreko urteko dirulaguntzen zuritze eta likidazio proposamenak ohikoak izaten dira gobernu taldearen urtarrila eta otsaileko bileretan. Gaurkoan ere Eskola kirola eta hezkuntza kirol elkarteari 2024an onartu zitzaion dirulaguntzaren harira, kontu kitatzea errebisatuko da. Baina urtea aurrera doa eta dirulaguntza berrietarako deialdiak ere onartu eta zabaltzen joan behar dira. Arratsaldeko bileran halako bi hizpide izango dira.

  Adikzio mota desberdinen tratamendurako dirulaguntzak eman ohi ditu Udalak, halako tratamenduak Oñatitik kanpora egin behar direla eta garraio gastu batzuk sortzen direla jakitun. Gastuetan ez dira bakarrik kontutan hartzen tratamenduan dagoen pertsonarenak, baita halakoetan behar izaten den laguntzailearenak ere. 

  Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko dirulaguntza ere ematen die Udalak, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako herritarrei edo adin bereko beste pertsona batekin bizi direnei. Su detektagailuak jarri ez ezik, horien urteroko mantenu gastuak ere ordaintzen ditu Udalak. Urtero dirulaguntza hauek eskatzeko kanpaina egiten da eta 2025ekoa abiatzea proposatuko zaie gobernu taldeko kideei, arratsaldeko bileran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!