Oñatiko udala

Udal aurrekontuak osatzeko 8 proposamen aurkeztu dizkio EAJk gobernu taldeari

2023/11/29
Card image cap
Oñati-San Prudentzio Herribuseko linea berria eta musika eskolaren kokapena erabakitzeko herri-kontsulta egitea proposatu dira, besteak beste

  Atzoko Ogasuna batzordean aurkeztu zituen Xabier Mugarza zinegotzi jeltzaleak 2024ko aurrekontua osatzeko zehaztu dituzten 8 proposamenak. Orotara 250.000 euroko kostua izango lukete baina dagoeneko aurreikusita dauden partidetatik bideratuko lirateke, partida gehigarririk zabaldu gabe.

  2024ko aurrekontuak osatzeko jeltzaleek aurkeztu dituzten proposamenen helburua, herritarren bizitza erraztu eta hobetzea dela adierazi du Amaia Erostarbe EAJko bozeramaleak. Gobernu taldeari aurkeztu zaizkion zenbait proposamen jeltzaleen hauteskunde programan jaso ziren, hara nola, Herribusa San Prudentzioraino iristea, zerbitzuaren 3. linea ezarriz, edota musika-eskola berriaren kokapen posibleen artean konparazio-azterketa egin eta, herri-kontsultaz erabakitzea. Musika eskolaren gaia udal talde jeltzalearentzat lehentasunezkoa dela nabarmendu du Amaia Erostarbek.

  Aipatutako bi proposamen horiezaz gain, Kalezaharreko azken zatiaren urbanizazioa hobetzeko exekuzio proiektua idaztea proposatu da, Kurtzetxorainoko azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzeko. Tarte horretan dagoen Kanpantxoko iturriaren egoera aztertu eta irtenbide posibleak bideratzea ere proposatzen da. Irisgarritasuna hobetzeko bide berean, San Martindik Olakuara doan Aldakiñoko bidean ez labantzeko tratamendua eman eta malda handieneko gunetan, 60 bat metrotan, heldulekuak jartzea proposatzen da. Gipuzkoako beste herri batzuetan egin denaren antzera, bizikidetzaren aldeko ekimenak gauzatzeko herritarrez osatuko litzatekeen Bizikidetza mahaia edo foroa eratzea, Arantzazuko komunak hobetzeko exekuzio-proiektua osatzea eta udalerriko hiru gunetan informazio-pantailak jartzea eta herritarrei Zubikoa kiroldegiaren aforoaren berri online emateko software bat instalatzea proposatu dute jeltzaleek.

  Zortzi proposamen hauek emendakin moduan sartuko dira gobernu taldearen aurrekontu proposamenean eta onartuko direla espero dute jeltzaleek. Gauzak ondo bidean, 2024ko udal aurrekontuaren gaia datorren asteko Ogasun batzordean diktaminatuko da, abenduaren 14an egingo den urteko azken Osoko Bilkuran onartu dadin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!