Oñatiko udala

Udal artxiboko lau dokumentu zaharberrituko dira

2024/01/26
Card image cap
XVI. mendeko tutela-pleitu bat eta XVIII. mendeko udal kontu liburua eta bi espediente eraman dira zaharberritzera

  Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin ohi dira urtero. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartzen dira zein liburu, agiri edo txosten zaharberritu erabakitzeko. Aurten, XVI eta XVIII. mendeko lau dokumentu berrituko dira.

  Zaharberrituko den dokumentu zaharrena XVI. mendeko pleitu zibil bat da, Miguel Perez de Hernaniren alaba zen Mary Asensio de Hernaniren tutelaren ingurukoa. 19 orriko txostena da. 1710ean osatutako beste espediente pribatu bat ere zaharberrituko da. Juan Antonio de Bengoecheak Ines eta Ursula de Larrari Arrizuriaga izeneko oinetxearen inguruko kontu-emate txosten laburra da, bost orrikoa.

  Oso hondatuta dauden beste bi dokumentu ere eraman dira zahaberritzera astean: udal kontuen liburua eta gizon talde ezberdinen armen inguruko txostena. Udal kontu liburua XVIII. mende hasierakoa den arren, barrualdean paperez berezita baina josita dagoen beste kuadernotxo bat dauka, XVIII. mende akaberakoa. Eranskin horretan herriko hainbat ermitetako diru gora-beherak jasotzen dira. Armen espedientea bestalde, XVIII. mendekoa da baina ez du data jakinik eta militar erabilerarako arma-zerrendak biltzen ditu. Foruak tarteko, euskaldunek ez zuten soldaduskara joan beharrik izaten  baina oinarrizko militar prestakuntza izan ohi zuten, beharra zegoenerako. Armen zerrenda ere osatzen zen eta egun herri batzuetan mantentzen diren alardeak dira horren lekuko. Agiri mailan, arma espedienteak osatzen zituzten garaiko udal ordezkariek. Halako bat eraman da zaharberritzera.

  Astean eraman dira Marta Gatell Albaladejo enpresara aipatu dokumentuak. Kontserbazio aldetik agiriek arazo ugari dituzte: hauts zikinkeria, zati galduak inguralde guztian, hauskortasuna, hezetasunak eragindako orbanak, onddoak edota tinta metaloazidoek eragindako zulotxoak. Dokumentu historikoen zaharberritze lan hauek 4.428 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!