Udal artxiboko hiru dokumentu zaharberrituko dira
Udal artxiboko dokumentu historikoak ahalik eta egoera onenean mantentzeko zaharberritze lanak egin behar izaten dira. Dokumentuen garrantzia, antzinatasuna, erabilgarritasuna edota egoera kontutan hartuta, hainbat liburu edo banakako agiri eta txostenak zaharberritzen dira urtero. Aurten, XVII, XVIII eta XIX. mendeko dokumentu bana berritzea erabaki da.
Zaharberrituko den dokumentu antzinakoena XVII. mende hasierako auzi kriminal bati buruzkoa da, hilketa bati buruzkoa, hain zuzen ere. 67 orriko dokumentu honen deskribapenean azaltzen denez, Miguel de Lizarralde eta Bartolomé de Lauciagaren kontrako auzi kriminala da, lapurreta egiteko asmoz irten zitzaien Ignacio de Oraa, Zumarragako soldadua hil izanaren inguruan osatutako auzia. 1601eko dokumentua da. XVIII. mendeko dokumentua, 1715 eta 1724 urteen arteko udaleko kontu liburua da. 550 orriko liburu honek aurrez zaharberritu izanaren zantzuak ditu, daukan azaleztatze edo koadernaketaren ezaugarriak ez baitatoz bat dokumentuaren garaiarekin. Azkenik, XIX. mendean, 1870ean egindako errolda dokumentua dago, bozkatzeko eskubidea duten herritarren zerrenda, hain zuzen. Dokumentu laburrena da, 21 orri bikoitzek osatzen dutena.
Hiru dokumentuak zikin daude hezetasunak eragindako orbanak eta galerak dituzte, onddoak eta garraztasuna. XVII. mendeko auzi kriminalaren kasuan, galdutako zatiak oso garrantzitsuak dira, 67 orriko dokumentuaren lehenengo 25 orrietan galdutakoa %60 eta %95aren artekoa baita. Eta gainontzekoetan berriz, goiko ezkerraldeko zatiak ere galduta daude. Udalaren kontu liburuaren kasuan berriz, istripuren bat gertatu zela pentsa daiteke dokumentua ikusita; talkoa izan daitekeen hauts zuria erabili zen hezetasuna kentzeko ahaleginean. Hauts zuri hori liburuko orri guztietan dago, nagusiki, beheko eskuin aldean.
Dokumentu guztietan oinarrizko zaharberritze lanak egingo dira, eta bakoitzaren egoeraren araberako esku-hartze bereziak egingo dira. Tratamendu egokiena zehazteko, berezko osagaiak eta materialak aztertuko dira, paper mota eta PH edo garraztasun maila, tinta motak eta disolbagarritasuna. Aldaketek sortu ditzaketen arriskuak ere baloratuko dira. Kalitatezko kontserbazio materialak erabiliko dira, kasu guztietan, neutroak eta itzulgarriak.
Zaharberritze lanok Marta Gatell enpresak egingo ditu eta 5.973 euroko aurrekontua dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!