Udal artxiboko argazki funtsa eguneratzeko argazki sorta erosiko da
Udal artxiboak argazki funts eta bilduma garrantzitsua du, digitalizatutako 40.000 argazki, gutxi gora behera. Baina argazki zaharrak dira, antzinakoak, berrienak 2000. urtekoak dira.
Udal zerbitzuek ekintza eta ekitaldi berezietako argazkiak egiten dituzte, beraien lanerako beharrezkoak direnak. Baina artxiboak ez du herriko eta udal baliabideetako azken urteetako argazkirik gorde eta ondorioz, bertako irudi funtsa zaharkituta geratzen ari da. Artxibo zerbitzuan gainera, gero eta maizago eskatzen dira gaur egungo argazkiak. Eskaera horiek udal zerbitzuetatik zein kanpoko erakunde edo herritarrengandik iristen dira. Egungo eraikin, kale edota guneren bateko argazkia behar denean iturri partikularretara jotzen da. Horregatik, eta 2019ko artxiboko egitasmoen baitan, Oñati erakusten duten 400-500 argazki berri eskuratzea erabaki da. Herriguneko nahiz auzoetako argazkiak eta panoramikoak eskuratuko dira.
Herriko hainbat argazkilarirengana jo da lana egiteko eta Itziar Bastarrika eta Natxo Santosen aurrekontuak onartu dira. Argazkiak urte osoan zehar egingo dituzte eta hala, urtaro desberdinetan ateratako irudiak lortuko dira. Udal artxiboko argazki funtsa osatu eta eguneratzeko lan honek 5.100 €ko aurrekontua du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!