Udako aisialdi eskaintzan parte hartzeko izena eman daiteke, martxoaren 28ra arte

Udaleku irekietan eta arte udalekuetan, izen-ematea online egin behar da, udaleko web ataritik. Uda kanpainan parte hartzeko berriz, online aukeraz gain, kiroldegiko harreran bertan ere eman daiteke izena; kasu guztietan martxoaren 28ra bitartean. Ekintzek ere egutegi bateratua dute eta ekainaren 23tik uztailaren 18ra luzatuko dira.
Udaleku irekiak eta arte udalekuak goizeko ekintza dira, 10:00etatik 13:00etara. Udaleku irekiak HH3 eta LH6 maila arteko haurrei zuzenduta daude eta zaintza zerbitzua eskaintzen du, 8:15etatik 10:00etara. Eltzia eta herriko beste gune batzuk erabiliko dira. Arte udalekuak berriz, Gaztelekuan egingo dira. LH4 eta DBH3 arteko gaztetxoei zuzenduta daude eta marrazkigintza, eskultura, margolaritza eta beste arte adierazpen batzuk landuko dituzte. Plazak mugatuak dira eta, beharrezkoa bada, zozketa egingo da izen-ematea amaitu ondorengo astean. Plaza lortzen ez dutenek udaleku irekietan parte hartzeko aukera izango dute.
Udaleku irekietan edo arte udalekuetan izena eman aurretik dagokion matrikula ordaindu behar da, eta ordainagiria izen-emate eskariari erantsi behar zaio, haurraren tutore baten NANaren kopiarekin batera. Matrikula ezberdina da haur kopuruaren arabera baina zenbatekoa, etxeetara banatu diren esku-orritan edo kalean jarri diren karteletan ikusi daiteke. Udaleku irekietan izena emateko laguntza behar duten gurasoek Txaloka ludotekara jo dezakete.
Uda kirol kanpaina, aldiz, HH4 eta DBH4 maila arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago orokorrean baina kirolaren arabera adin muga estuagoa da, ekintzak adinaren arabera eskaintzen baitira: tenis, mini-tenis, badminton, pilota, xakea, patinajea, ur jolasak, aquagazte, patin-hockeya, yoga txiki, golf, zumba txiki, cross fit gazte, mendiko bizikleta, eskalada eta multikirola dira aukeran daudenak, eta patinajea ere bai, helduentzat.
Ekintza batzuk txanda bakarrekoak dira beste batzuk bi txandatan banatuko dira. Izena ematerakoan, txanda bakoitzean, gehienez, hiru jarduera hautatu ahal izango dira eta jarduera bakoitzean hiru ordutegi, gehienez. Apirilaren 2an egingo dira zozketak eta jarduera eta ordutegi bakoitzeko taldeak osatzen joango dira. Baja emateko epea apirilaren 11tik 16ra izango da eta libre geratzen diren plazak itxaron zerrendan daudenei eskainiko zaizkie.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!