Oñatiko udala

Udaberriari ongi etorria egiteko kultur egitarau berezia antolatu du Pake leku elkarteak

2025/03/19
Card image cap
Hitzaldia, txokolate jana, bingoa eta kontzertua izango dira

  Martxo amaiera aldera ohikoa bihurtu da Pake Leku elkartean Udaberriari ongi-etorria emateko kultur astea. Aurtengoa datorren astean ospatuko da eta izaera ezberdineko hainbat ekintzek osatuko dute.

  Hasteko, astelehenean, hitzaldia izango da; Carmen Sacristan medikuak gernu inkontinentziari buruz berba egingo du. Gizon zein emakumeei eragiten dien arazoa da, osasunetik haratago, sozialki ere eragin handia duena, eta halakoen aurrean zer egin genezakeen argitzen saiatuko da hizlaria. Hitzaldia gazteleraz izango da. Astearterako, berriz, txokolate jana antolatu da. Txokolate beroa eta opila dastatu ahal izango dira 18:30etatik aurrera Pake lekuko tabernan. Lagunarteko meriendarako txartelak tabernan bertan salgai daude 2 eurotan. 

  Ostegunak bingo egunak izan ohi dira Pake Leku elkartean eta datorrena ere halakoa izango da baina astea berezia izaki, sariak ere izango dira bingoan parte hartzen duten bazkideentzat. 17:00etan hasiko da jokoa. 18:30etan, musikari lekukoa emango dio, kontzertua izango baita Santa Ana aretoan. Pake Lekuko Aloña abesbatzak eta Jose Azpiazu musika eskolako hainbat taldek parte hartuko dute Udaberriari ongi etorria emateko antolatu den azken ekitaldi horretan. Sarrera doan izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!