Udaberri-udako Azken Txanpa azoka antolatu da ostiral-larunbaterako
Txanda dendarien elkarteak antolatuta Azken Txanpa outlet azoka egingo da asteburuan, ostiral eta larunbatean. Herriko 16 dendek parte hartuko dutela jakinarazi dute baina besteren bat animatu daiteke azken orduan, aparteko prestaketa edo apaingarririk ez baitu eskatzen ekimenak. Dendari gehienak hasi dira denboraldi berriko generoa jaso eta lokaletan eskaintzen eta berezituta dituzte udaberri-udako denboraldiko azken produktuak. Horiek, denda atarietan jarriko dira ostiral eta larunbatean eta bezeroek deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango dute, emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan, oinetakoetan, etxeko apaingarri, optika eta bestelakoetan.
Bezero eta dendarien segurtasuna bermatzeko erdiguneko oinezko kaleak trafikorako itxita mantenduko dira bi egunetan, ondorioz, zamaketa lanetarako ibilgailuak inguruko beste kale batzuetan utzi beharko dira ostiral eta larunbat goizean. Erdigunetik urrun dauden zenbait dendetako produktuak plaza eta kale Barria aldera eramateko ohitura dago baina gehienek, lokal atarietara aterako dituzte. Alegia, Azken Txanpako eskaintzak kale Barria eta kale Zaharrean ez ezik, Bidebarrietan, Etxaluzen eta Lazarraga kalean ere topatuko dira ostiralean eta larunbatean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!