Oñatiko udala

Udabaltza berria eratuko da bihar, eguerdiko 12etan egingo den bilkura berezian

2023/06/16
Card image cap
Izaro Elorza alkate aukeratu ondoren, 2019an
Izaro Elorza EH Bilduko zerrenda burua aukeratuko dute alkate

  Ekitaldia, adin mahaiak eta udal idazkariak gidatuta hasiko da. Idoia Aierbek eta Ekhiñe Mendik osatuko dute adin mahai hori, udalbatzako kide izateko ordezkaritza lortu dutenetatik adinez nagusiena eta gazteena diren aldetik. Lehen lehenik, zinegotzi izango direnen kredentzialak begiratuko dira eta kargua hartuko dute ondoren. Udalbatza eratuta, alkatea aukeratzeko bozketa egingo da.

  Ez da ustegabekorik espero eta Izaro Elorza hautatuko dute alkate. Berak ordezkatzen duen EH BILDU koalizioak, 11 hautetsi lortu baitzituen maiatzaren 28ko hauteskundeetan, hau da, berez, 17 kidez osatutako dagoen udalbatzan erabateko gehiengoa. Elorzak koalizioaren 11 botoak eskuratuko ditu. Jeltzaleak abstenitu edo beren hautagaia aurkezten duten ikusi beharko da. Hala bada, Amaia Erostarbek alderdikideen 6 botoak jasoko ditu.

  Izaro Elorzak bigarren legealdiari ekingo dio Oñatiko alkate moduan. Gogoratu, demokrazia aldiko seigarrena dela, Eli Galdos, Angel Iturbe, Andoni Gartzia, Lourdes Idoiaga eta Mikel Biainen ondoren. Udalbatza berria osatuko duten 17 zinegotzietatik 10 berriak dira karguan, eta gehienak, 10, emakumeak dira.

  Zinegotzien izendapen ofiziala eta alkatearen aukeraketa eginda hurrengo Osoko Bilkura 30 eguneko epean egin behar dela markatzen du legeak. Orduan, udal batzordeak zehaztu eta bakoitzean arituko diren partaideak izendatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!