Oñatiko udala

Uda kanpainan kirol begirale izateko izen-ematea zabalik dago, martxoaren 27ra arte

2024/03/20
Card image cap
Zerbitzu orokor eta espezifikoak berezitu dira beste urte batez

  Kirol zerbitzuek antolatzen duten uda kanpainan parte hartzeko izen-ematea atzo amaituta, gaur ireki da eskaintza horri aurre egiteko kirol begiraleak hautatzeko prozesua. Aldi baterako kirol begirale izan nahi dutenek astebete izango dute izena emateko, martxoaren 27ra arte.

  Uda kanpainan eskaini diren kirolak oinarri hartuta zerbitzu orokorrak eta espezifikoak berezitu dira. Eskalada indoor eta patinajea kirol zerbitzu espezifikoen atalean jaso dira eta halakoetan begirale gisa aritzeko formakuntza espezifikoa edo esperientzia izatea eskatzen da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 16 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea, euskarari dagokionez B2 maila eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da.

  Udalak, bere aldetik, ekainaren 20tik uztailaren 21ra arteko lan kontratua eskaintzen du. Hilabeteko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da. Halaber, tenis, mini-tenis, patinaje, eskalada, pilota, BTT eta naturaisiako begiraleek bi orduko formakuntza saioa egin beharko dute, ekainaren 20-21bitartean, zerbitzua antolatzeko, eta azken ebaluazio bilera, uztailaren 19an. Saio horietan parte hartzea derrigorrezkoa izango da.

  Uda kanpainan kirol begirale gisa lan egiteko interesa dutenek eskaera orriak udaleko web ataritik deskargatu eta beteta, udaletxean, HAZ bulegoan, aurrez aurre, edo erregistro elektroniko bidez aurkeztu dezakete. Eskaera orriarekin batera eskaeran aipatzen diren meritu guztien egiaztagiriak presentatu behar dira; nortasun agiriaren kopia, ikasketa formalak, euskara maila eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa ere aurkeztu daitezke edo udalari baimena eman berak erakunde ezberdinetan kontsultatu ditzan.

  Jasotzen diren eskaera guztiak baloratzerakoan formazio akademikoa, prestakuntza ikastaroak, lan-esperientzia eta euskararen maila baloratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!