Uda kanpainan kirol begirale izateko izen-ematea zabaldu da gaur, martxoaren 26ra arte

Uda kanpainan kirol eskaintza oso zabala da; zerbitzu espezifiko moduan sailkatu dira eskalada indoor eta patinajea, eta halakoetan begirale gisa aritzeko arloan formakuntza espezifikoa edo esperientzia izatea eskatzen da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea, euskarari dagokionez B2 maila eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea eskatzen da. Prestakuntza osagarria, eskatutakoaren gainetik dagoen euskara maila egiaztatzea eta lan esperientzia baloratu egingo dira. Meritu guzti horien egiaztagiriak aurkeztu beharko dira eskaera orriarekin batera.
Udalak ekainaren 19tik uztailaren 18ra arteko lan kontratua egingo die kirol begiraleei. Hilabeteko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da. Halaber, tenis, mini-tenis, patinaje, eskalada, pilota, BTT eta naturaisiako begiraleek lau orduko formakuntza saioa egin beharko dute, ekainaren 19-20bitartean, zerbitzua antolatzeko eta uztailaren 18an, azken balorazioa egiteko. Saio horietan parte hartzea derrigorrezkoa izango da.
Monitore bakoitzaren lan jarduna zehazterakoan, txanda bakoitzean gutxienez bi lanordu jarraian betetzeko irizpidea jarraituko du Udalak eta lanorduak modu orekatuan banatuko ditu, monitore guztiek ordu kopuru berdintsua bete dezaten. Dena den, lanorduen banaketan monitoreren bati lanordu gehiago egokitu behar bazaizkio, puntuazioaren arabera erabakiko da. Aldi berean, zerbitzuan egon daitezkeen bajak betetzeko, lanorduen eta zerbitzuen antolaketa alda dezake Udalak. Astelehenean zabaldu zen Uda kanpaina parte hartzeko izen ematea eta jasotzen diren eskaeren arabera erabakiko da zenbat kirol begirale kontratatuko diren. Uda kanpaina ekainaren 23tik uztailaren 18ra burutuko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!