Oñatiko udala

Txosna eta tabernek goizeko 5ak arte zabalik egoteko baimena izango dute jaietan

2018/09/21
Card image cap
Jaietako egunen ixte ordutegia zehaztu du Udalak

  Herriko jai egunetan tabernen ixte ordutegia luzatzeko aukera ematen du legeak. Ohiko ordutegia baino bi ordu beranduago ixteko aukera dago baina luzapen hori zenbatekoa izango den zehaztea Udalari dagokio. Gaia, azken Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu zen eta taberna bereziek daukaten ohiko ordutegiari ordu eta erdi eranstea erabaki da herriko taberna guztientzat, hau da, goizeko 5ak arte zabalik izateko baimena izango dute guztiek, jaietako egunetan. Alegia, irailaren 28, 29 eta 30ean eta urriaren 5, 6, 7 eta 8an. Txosnak ere tabernen ordutegi berbera izango du.

  Lokalak itxi ez ezik, noiz ireki ahal izango diren ere zehaztu du Udalak. Ixte ordua iristen denerako tabernako ateak guztiz itxita eta musika kenduta egon beharko dira. Hortik aurrera bezeroak ezin izango dira tabernara sartu eta ordurako lokal barruan daudenak kaleratzeko 30 minutu izango dituzte tabernariek. Hau da, tabernak 5etarako itxi eta 5:30etarako hutsik egon beharko dira. Lokala itxi eta berriro zabaltzen den arte, gutxienez sei orduko tartea gorde beharko dela ere badio udal-aginduak. Eta goizeko 6:00ak baino lehen ezingo direla zabaldu. Musika ekipoak dena den, ezin izango dira goizeko 9:00ak baino lehen martxan jarri. Eta inguruko bizilagunen atseden eskubidea babestuz baita ere, 22:00etatik aurrera tabernen kanpoaldean edariak hartzea guztiz debekatzen da.

  Azken Gobernu Batzarrean hartu zen erabaki honen berri, herriko tabernariei eta Ertzaintzari emango zaie, honen ardura izango baita ixte ordutegia eta bestelako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!