Txiki Txokon jarraipen handia izan du Haurreskolak Partzuergoan gaur eta biharko deitu den grebak
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Hezkuntza publikoan deitutako greba Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileengana iritsi da. Oñatiko Txiki Txokon babes handia izan du, 8 hezitzailetatik seik greba egitea erabaki baitu. Gutxieneko zerbitzuak bermatuta daude eta lanean ari diren bi hezitzaileak haurrei harrera egiteaz arduratzen ari . Hala adierazi zitzaien atzo haurren gurasoei. Txiki Txoko haurreskolan 0 eta 2 urte bitarteko 41 neska-mutiko daude egun.
Ikastetxe publikoetako irakasleek pasa den astean egin bezala, Partzuergoko hezitzaileek ere 2009tik eguneratu ez den hitzarmena berritzea eskatzen dute; negoziazioaren ondorioz eta bi aldeen adostasunez hitzarmena berritzea, eta ez Hezkuntza Saila "aldebakarrez” hartutako erabakiak aplikatzea. Grebara deitutakoen aldarrikapen nagusiak dira: lan zamak arintzea, plantilak gaztetzeko plana garatzea, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea, langileen lan osasuna bermatzea, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatzeko baliabideak jartzea.
Gaur eta bihar ez ezik, otsailaren 12 eta 13an ere grebara deituta daude Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileak. Aurrez, eta aste honetan bertan, ostegun eta ostiralean, ikastetxe publikoetako sukalde eta garbiketako langileak ere grebara deituta daude.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!