Oñatiko udala

Txartel bidezko sarrera sistema jarriko da auzokonpost gune guztietan

2023/10/10
Card image cap
Txartelak gutunez bidali dira, funtzionamendua azaltzeko bilerak antolatu direla jakinaraztearekin batera

  Txartel bidezko sarrera sistema Errekaldeko eta Zubibarriko auzokonpost guneetan frogatu zen iazko udaberrian. Balorazio positiboa egin dute udal arduradunek eta sistema gainontzeko konpost-guneetara zabaltzea erabaki da. Horren berri ematen duten gutunak astean bidali zaizkie guneen erabiltzaileei, dagokien txartelarekin batera. Familia unitate bakoitzeko txartel bana bidali da. Bide batez, Zubibarriko eta Errekaldeko konpost-guneetako erabiltzaileei aurrez banatu zitzaizkien txartelak bueltatzea eskatzen zaie, oraingo sarrailatarako ez baitute balio. Datozen bi asteetan egingo diren bileretara eramatea eskatzen zaie.

  Izan ere, txartelen funtzionamendua azaldu eta konpost prozesuaren inguruan egon daitezken zalantzak argitzeko bilerak egingo dira, konpost guneetan bertan. Zubibarri eta Auzabarriko guneetan urriaren 17an izango dira bilerak, San Martinen, Eltzian eta Ugarkaldekoetan urriaren 18an eta San Lorentzon eta Errekaldekoetan, urriaren 25ean. Ordubeteko tartea gorde da bilera bakoitzerako baina laburragoak izatea aurreikusten da. Bileren egutegi taula erabiltzaileei igorri zaien gutunean jaso da. Bakoitzaren disponibilitatearen arabera bere guneko bilerara edo beste batera joateko aukera dago, oinarrian, guztietan informazio berbera emango baita.

  10 urte bete dira Oñatiko auzokonpost guneak martxan jarri zirela. Herritarren % 25ek konpostatzen du egun. Ibilbide honetan auzokonpost prozesua hobetzeko pausoak eman dira: konpostagailuak aldatu eta ontzi handiagoak jarri ziren, erabiltzaile taldeak bateratu ziren eta guneen mantenu arrunterako zerbitzua kontratatu zen, besteak beste. Urtetik urtera egin diren moldaketek prozesua hobetzeko helburua izan dute. Azken egokitzapena, txartel bidezko sarrera sistema herrian dauden zazpi auzokonpost guneetara zabaltzea izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!