Oñatiko udala

Txanda elkarteak Gabonetako kanpainako sariak banatu ditu

2025/01/13
Card image cap
Mª Angeles Vazquez da 1.000 euroko sariaren irabazlea
Sarien erdiak baino gehiago ez dira jaso eta otsailaren 6ra arteko epea eman du elkarteak

  Zortea Oñatiko dendetan dago! kanpaina egin du Txanda elkarteak Gabonen bueltan eta 100.000 zenbakidun-papertxo banatuko ditu bezeroen artean. Sariak urtarrilaren 6ko loteria nazionaleko zozketaren arabera banatu ziren eta saritutako txartelen truke erosketa-bonoak eskuratu zituzten herritarrek Santa Ana aretoan, zapatu eguerdian. Baina ekitaldira ez ziren saritu guztiak agertu, erdiak baino gehiago falta izan ziren. Horregatik, zenbaki sarituak agertu daitezen, otsailaren 6ra arteko epea dagoela jakinarazi du Txanda elkarteak.

  1.000 euroko balioa duten erosketa-txartelak eskuratu ditu Errege eguneko loteriaren sari nagusiarekin bat egin duen zenbakiaren jabeak. Lehen sari potoloaren jabea azaldu da, ez ordea, bigarren eta hirugarren sarien zenbakiak dituzten boletoen jabeak. Ondorioz, 600 eta 400 euroko erosketa txartelak banatzeke daude oraindik. Era berean, 30 euroko beste 64 sariren jabeak ere falta dira. Hauek, loteriako lehen sariaren azken hiru digituekin bat egiten duten zenbakien jabeak dira. Agertzeko falta dira, beraz, 06766 eta 66777 zenbakiak eta 908an amaitzen diren hainbat txartel. Saritutako zenbakien jabeek Urzelai estankotik pasa behar dute saria jasotzera, otsailaren 6ra bitartean.

  Promozio honetan eta saritan, guztira, 4.970 euro banatzea aurreikusten du Txanda elkarteak baina 2.050 eurori dagozkien erosketa txartelak bakarrik banatu ditu orain arte. Erosketa-bono horiek ezingo dira beherapen erosketetan erabili eta apirilaren 11ra arteko epea izango da gastatzeko. Larunbatean banatu ziren txarteletan otsaileko egun bat agertzen da iraungitze data moduan, baina akatsa egon dela zehaztu digute Txandako ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!