Oñatiko udala

Turismoa eta euskara eskutik datoz aurten ere Oñatin

2021/06/23
Card image cap
Familientzako plan bereziak landu dira eta hizkuntza paisaia zainduko da, oinarrizko hiztegia duten mahai-gainekoak banatuz

  Zatoz etxekoekin eta lagunekin Gipuzkoa barne-barnera, Oñatira! leloa du udarako antolatu den turismo eskaintza zabalak. Herrian dauden turismo baliabide ezberdinak uztartuz, hiru gune nagusitan 7 plan berezi eskainiko dira: Turismo bulegoa eta Txokolateixia, erdigune historikoan; Arrikrutz-Oñatiko kobak, Pottokaleku eta Gomiztegi baserria natur ingurunean, eta Arantzazuko santutegia eta parketxea beti erakargarri den Arantzazun. Batera zein bestera doazen bisitariak batuta, urtean 17.000 lagun etortzen dira Oñatira. Eta asko familia giroan. Horiek bereziki kontuan hartu dira aurten eta Txokolateixan, Arrikrutzen eta San Migel errotan bisita bereziak egingo dira familiei zuenduta.

  Baina hizkuntza ere, euskara ere, bada bisitariek preziatzen duten beste altxor bat, ikerketek adierazten dutenez. Hori gogoan, UEMAren Bertatik bertara kanpainarekin bat egin du Udalak aurten ere, eta euskaraz eta euskararekin gozatzera animatu nahi ditu bisitariak. Horretarako, hainbat material eta euskarri erabiliko dira eta besteak beste, 10.000 mahai gaineko banatuko dira herriko jatetxe eta tabernetan.

  Ostalarien lana bereziki azpimarratu zen atzoko agerraldian, eurak direlako sarritan herriko informazioa ematen lehenak. Eta lehen hitz hori euskaraz egitea eta eguneko menua euskaraz idatzita eskaintzea garrantzitsua da hizkuntza aldetik. Horregatik, ostalariei zuzendutako eskaintza ez da uda garaira mugatzen eta sektoreko langileentzat propio euskara ikastaroak antolatzen dira eta udalak berak eta UEMAk testuak euskarara itzultzeko laguntza ematen die.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!