Tratamendu irristagaitza emango da Aldakiñoko bidean, astelehenean
Irisgarritasuna hobetzeko lanen baitan San Martin eta Olakua auzoak elkar lotzen dituen Aldakiñoko bidean ez labaintzeko tratamendua emango da, malda handien eta irristakorren dauden gunetan. Lanak, astelehen arratsaldean zehar egingo dira eta ondorioz, bidea 24 orduz itxita egongo da, astelehenean 12:00etatik, astearteko 12:00etara. Hori adierazten duten kartelak gaur bertan jarriko dira bidearen bi muturretan, Olakuan, Natur Eskola inguruan, eta San Martinen, ortuen parke inguruan.
Aldakiñoko bidea aldapatsua da, zenbait gunetan. Leku hezea da, inguruko landaretzaren eraginez, eta horrek, zorua labainkor bihurtzen du. Segurtasunagatik, eta irisgarritasuna hobetze aldera erabaki da tratamendu irristagaitza ematea porlanezko plataforman.
2024ko udal aurrekontuak eztabaidatu zirenean, EAJk egin zuen eskaeretako bat izan zen San Martindik Olakuara doan Aldakiñoko bidean ez labaintzeko tratamendua eman eta malda handieneko gunetan, 60 bat metrotan, heldulekuak jartzea. Gobernu taldeak, irisgarritasun lanak egiteko 300.000 euroko partida jasota zegoela erantzun zuen.
Orain, uda estreinatzearekin batera iritsi dira tratamendu irristagaitza emateko lanak, urte osoan zehar, baina bereziki udako opor garaian, gehiago direlako San Martindik Olakuara eta kontrako norabidean, gora eta behera ibiltzen diren herritarrak, baita udako egun beroetan freskura bila bertaratzen direnak ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!