Trantsizio ekosozialari buruzko mintegia osatzen ari da LAB sindikatua, Kultur etxean
Industriak trantsizio ekosozialera egokitutako politikak eta jarduera sindikala beharko duela jakitun, gaiari buruzko formazio saioa burutzen ari dira LAB sindikatuko 80 bat lagun, Kultur etxean. Sektore kutsatzaileak birmoldatzeko plan zehatzak behar direla dio sindikatuak eta horien plangintzan zein exekuzioan, langileen interesak lehenestea ezinbestekotzat jotzen du eta langileen parte hartzea bermatzearen beharra aipatzen du. Industria trantsizioa gidatzeko batzorde ekosozialak sortzea eskatu zuen LANek Sestaon, astelehenean.
Batzorde ekosozialen funtzioak lirateke, sektorea eraldatzeko proposamenak zehaztea, lan gatazketan bitartekaritza egitea eta esku hartze publikoa behar duten enpresentzat planak gauzatzea. LAB sindikatua hasi da trantsizio ekosozialaren oinarriak bere egunerokoan txertatzen, epe motzean, sindikalismoaren antolamenduan ildo nagusietakoa izango baita. Baina kontzeptuak garbi izatea oinarrizkoa da eta halakoak argitzen ari dira gaurko jardunean. 10:00etan hasi den saioan krisi ekologikoari aurre egiteko egun indarrean dauden politikak azaldu dituzte Omal, Greenpeace eta LAB sindikatuko ordezkari banak. Ondoren, sindikalismoaren erronkak zehazteari ekin diote Bruselako Rosa de Luxemburg bulegoa eta LABeko ordekariek.
Oñatiko formazio jardunak izaera nazionala du eta LAB sindikatuko delegatu, liberatu eta bestelako ordezkariak bertaratu dira, 80 lagun inguru.
Aldaketa klimatikoa, bioaniztasunaren galera edota trantsizio energetikoaren ardatzetan botere ekonomikoak eta politikoak bidelagun izan behar dute eraldaketa eraginkorrak sustatzeko. Gaurko mintegian Europan eta Hego Euskal Herrian indarrean dagoen marko politiko orokorra kokatu da eta sindikalgintzak jokaleku honetan dituen erronkak eta LABek aurrera begira dituen konpromisoak zehaztuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!