Oñatiko udala

Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza hasi da gaur

2024/03/01
Card image cap
Astelehenean egingo zaie kargua ordainketa helbideratuta dutenei

  2024an udal zerga eta tasak orokorrean % 4 jasotzea erabaki zen iazko urriko Osoko Bilkuran eta hala aplikatu da trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan. Baina iaz baino agiri gehiago bideratu dira eta zenbaitek ez du hobaria eskatu oraindik, ondorioz, zerga honetatik jasotakoa iaz baino %4,9 gehiago izatea espero da.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan hobaria aplikatu ohi zaie motor hibridoa, elektrikoa edo CO2 isuri baxua duten ibilgailuen jabeei edo antzinatasun handiko ibilgailuen jabeei; baita familia ugariei ere, diru sarrerak eta seme-alaben kopurua kontutan hartuta zehaztu den taularen arabera. Hobaria jaso nahi duten familiek eskaera urtero berritu behar dute. Dagoeneko eskatu eta onartu zaienei hobaria aplikatu zaie ordainagirian, oraindik eskatu ez dutenei osorik kobratuko zaie eta eskatzen dutenean, baldintzak betetzen dituztela ziurtatu eta dagokiena itzuliko zaie.

  Guztira, 1.012.428 euro jasoko ditu Udalak trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza kontzeptuan, iaz baino 47.324 euro gehiago. Oñatiko ibilgailuen erroldan 8.183 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 91 gehiago.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa helbideratuta duten 7.128 ibilgailuen jabeei kargua astelehenean, martxoaren 4an egingo zaie eta ordainketa jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik bidaliko zaie. Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute datozen egunetan, ordainketa non eta nola egin zehaztuz. Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea ia bi hilabetez luzatuko da, apirilaren 25era arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!