Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza hasi da

2025en udal zerga eta tasak orokorrean % 2,51 jasotzea erabaki zen iazko urriko Osoko Bilkuran eta hala aplikatu da trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan. Iaz baino agiri gehiago bideratu dira baina diru sarreretan ez du islarik izango, iaz jasotakoa baino %2 gehiago izatea espero baita.
Gogoratu, trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan hobaria aplikatu ohi zaiela motor hibridoa, elektrikoa edo CO2 isuri baxua duten ibilgailuen jabeei edo antzinatasun handiko ibilgailuen jabeei; baita familia ugariei ere, diru sarrerak eta seme-alaben kopurua kontutan hartuta zehaztu den taularen arabera. Hobaria jaso nahi duten familiek eskaera urtero berritu behar dute. Dagoeneko eskatu eta onartu zaienei hobaria aplikatu zaie ordainagirian, oraindik eskatu ez dutenei osorik kobratuko zaie eta eskatzen dutenean, baldintzak betetzen dituztela ziurtatu eta dagokiena itzuliko zaie.
Guztira, 1.032.976 euro jasoko ditu Udalak trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza kontzeptuan, iaz baino 20.548 euro gehiago. Oñatiko ibilgailuen erroldan 8.308 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 125 gehiago.
Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa helbideratuta duten 7.180 ibilgailuen jabeei kargua gaur bertan, martxoaren 4an egingo zaie eta ordainketa jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik bidaliko zaie. Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute datozen egunetan, ordainketa non eta nola egin zehaztuz. Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea ia bi hilabetez luzatuko da, apirilaren 25era arte.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!