Trafikoari tarteka eragingo dioten hainbat margotze lan egingo dira astean herriko errepide eta kaleetan
Eguraldi ateria iragarri dela aprobetxatuko da astean, konfinamendua aurretik onartu ziren hainbat margotze lan egiteko.
Orain hilabete batzuk asfaltatu ziren herrirako sarrera-irteerak margotuko dira, konkretuki, hilerri azpian dagoen sarrera eta Ibarra aldeko irteera. Margotze lan hauek bideak puntualki itxi beharra eragingo dute baina ez da luzerako izango. Era berean, elbarrientzako aparkaleku berriak eta zenbait zebrabide ere margotuko dira. Ezabatzen hasita dauden seinale konkretu batzuk berriro markatzeko ere aprobetxatuko da.
Errepide eta kaleetan izango diren lanak aipatzen hasita esan bestalde, Martzelino Zelaia kalerako sarbidea bi astez-edo itxita egongo dela, inguruan egiten ari diren eraikuntza lanak direla eta. Ondorioz, Martzelino Zelaia kalean garajea dutenek, Etxaluze eta Lazarraga kalean barrena irten beharko direla.
Olakua etxaldean ere irisgarritasun lanak egiten ari dira pasa den ostegunaz geroztik, eta horrek, barruko trafikoan eragina izango du, zenbait kaleren norabidea egokitu egingo baita, lanek irauten duten bitartean. Arretaz ibili eta behin behineko seinaleak jarraitzea gomendatzen da. Gogoratu, irisgarritasun lan hauek Olakua 2-3 zenbakidun eraikinen inguruan egiten ari direla.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!