Oñatiko udala

Tourraren inguruko bandoa ari dira jartzen herriko atarietan

2023/06/26
Card image cap
Domekarako hustu beharko diren aparkalekuetan seinaleak jarriko ditu udaltzaingoak, bihartik aurrera

  Bospasei puntu dira Frantziako Tourraren inguruan Udalak atera duen bandoan zehazten direnak, txirridulari lasterketak herriko mugikortasunean zuzenean eragingo baitu uztailaren 2an. 10:00etatik 15:30etara, Elorregi eta Udana aldeko herriko bi sarbideak itxita egongo direla azpimarratzen da lehenik. Bitarte horretan, lasterketaren ibilbide osoa, auto, bizikleta eta oinezkoentzat itxita egongo dela ere zehazten da. Gogoratu, domekako etapak Gasteiz eta Donostia elkar lotuko dituela eta Oñatira, Elorregira, ordu biak aurretxoan iristea aurreikusten dela. Tropelaren aurretik pasako den karabanak, berriz, bi ordu lehenago, 12:00ak inguruan, zeharkatuko du Oñati.

  Elorregiko biribilgunetik sartuko da tropela, Zubillagako auzoaren barrualdetik igaroko da eta Jaumendiko biribilgunetik behera Portalekura, Bidaurretako biribilgunera eta Udanara bideratuko da, handik Goierri aldera egiteko. Ibilbidean dauden aparkalekuak larunbat arratsaldean, 20:00etarako, hustu beharko dira.

  Bihar hasiko dira udaltzainak libratu beharreko aparkalekuak seinaleztatzen. ULMA Polimero pareko biribilgunetik hasita, Zubillagan errepidearen ezker-eskuman dauden aparkaleku guztiak hutsik utzi beharko dira, Fagoreko biribilgunera arteko bidean. Herrigunean, Kalegoiena, Aita Lizarralde, San Lorentzo, Ugalkarde eta Olabarrieta auzoan ere errepide nagusiaren bi aldeak guztiz libre utzi beharko dira.

  Domekan, osasun arazoren bat izanez gero, anbulatorioa zabalik egongo da, 9:00etatik 15:00etara. Zalantzak argitzeko berriz, udaltzaingora deitzea eskatzen da (943 081 000)

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!