Tourrak Oñatiko mugikortasunean zuzenean eragingo du, uztailaren 2an
Frantziako Tourreko tropela Oñatitik igaroko da datorren domekan, uztailaren 2an. Horrek eragin zuzena izango du herriko mugikortasunean, eta ondorioz, eguneroko martxan, 10:00etatik 15:30era. Ordu tarte horretan, herriko bi sarbideak, Elorregi eta Udana itxita egongo dira. Beraz, ezingo da ez herrira sartu ezta herritik irten ere, 10:00etatik 15:30era.
Egun horretako etapa Gasteiztik abiatuko da eta Oñatira, Elorregiko biribilgunetik sartuko da. Tropela Zubillagako auzo barrualdetik igaroko da eta Jaumendiko saihesbidetik behera Portalekuako biribilgunera, Bidaurretako biribilgunera eta Udanara bideratuko da, handik Goierri aldera egiteko.
Ibilbidea ezingo da autoz, bizikletaz edo oinez zeharkatu eta tartean dauden bidegurutzeak, sarrera eta irteerak, udaltzainez, ertzainez edo boluntarioz zainduko dira, inor sartzen ez dela ziurtatzeko. Gainera, ibilbidean zehar dauden aparkalekuak hustu beharko dira uztailaren 1eko, larunbateko, 20:00ak baino lehenago. Horrek bereziki eragingo die Zubillagako auzotarrei eta Kalegoiena/Aita Lizarralde ingurukoei. Libratu beharreko aparkaleku guztietan seinaleak jarriko dira datorren aste erdialdera.
Domekan gainera, Lurraldebusek ez du bus zerbitzurik beteko gurean, bai ordea, Arantzazurako Herribusak. Ohiko ordutegian izango da Arantzazura igo edo jaisteko aukera baina geltoki bakarra izango da, Arantzazuko Ama kalean, Elkar Hezi ikastetxe aurrealdean, lasterketa ibilbidetik kanpo geratzen baita.
Mugikortasun aldetik izango diren afekzio guzti horiek gogoan, herritarren osasun arreta bermatzeko lanean aritu da Udala, osasun arduradunekin. Datorren domekan, bermaturik egongo dira etxeko ospitalizazioa eta emergentzia zerbitzuak. Norbait ospitalera eraman behar bada, Zumarragara eramango dute. Gainera, anbulatorioa zabalik egongo da, 9:00etatik 15:00etara, gutxieneko zerbitzuak bete eta larrialdiak artatzeko.
Iturria:Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!