Oñatiko udala

Termiten mapari buruzko informazio saio irekia egingo da asteartean

2024/04/12
Card image cap
Astearteko saioaren oharra herriko bebarru batean
Egurrezko egitura duten herriguneko eraikinen egoera ezagutu nahi da

  Jakina da xilofagoek egurrari gogor eraso diezaioketela eta egiturazko arazo handiak sortu eraikinaren oinarria egurrezkoa denean. Oñatiko herrigune historikoan egurrezko egitura duten hainbat eraikin daude eta termitek eragin ote dieten ezagutu nahi da. Tecnalia enpresa espezializatua kontratatu zuen Udalak Oñatiko termiten mapa osatzeko eta egiten hasi den lanaren berri eman eta bereziki, egurrezko egitura duten eraikinetan ikuskapena nola egingo duten azaltzeko informazio saio irekia antolatu da.

  Herriko kasko historikoan egurrezko egitura duten eraikinen mapa egina dauka Udalak, eta bertan azaltzen diren 108 bebarrutan informazio saiorako gonbidapen oharrak jarri dira. Gerta liteke ordea, eraikinaren egitura egurrezkoa izan arren atarian oharrik jarri ez izana. Kasu horretan, udaleko Hirigintza departamentuarekin harremanetan jartzea eskatzen zaie jabeei, ahalik eta informazio osatu eta zehatzena izateko. Bide batez, apirilaren 16an egingo den saioaren informazioa emango zaie.

  Tecnalia enpresako teknikariak ari dira Oñatiko termiten mapa osatzen. Egurrezko egitura duten eraikinak identifikatuta, ikuskapenak egingo dira, egituraren egoera bertatik bertara ikusi eta degradatzen ari ote diren jakiteko. Intsektu xilofagoen biologia eta bizi zikloa gogoan, eraikin bakoitza birritan ikuskatzea aurreikusten da; lehena, uneko egoera ezagutzeko, eta bigarrena, termitak aktiboen dauden unean, ezer aldatu den egiaztatzeko. Baina xehetasun horiek guztiak etxejabeei asteartean emango zaizkie eta laguntza, edo elkarlana, eskatuko zaie, atariko atea ireki diezaieten. Printzipioz hori nahikoa izango da, eraikinen egitura aztertuko baita, ez etxe partikularrena.

  Herriguneko termiten mapa eskuratzea lehen urratsa izango da balizko izurrite bati aurre egiteko; arazoa konponduko duen tratamendu integrala definitu eta gauzatzeko. Gutxitan bada ere, gertatu izan baita, etxe edo eraikinen batetan birgaitze lanak egiteko baimena tramitatzean termita arazoak zeudela ikustea.

  Termiten mapari buruzko informazio saioa Kultur etxean egingo da, apirilaren 16an, 18:00etan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!