Oñatiko udala

TAO kontrolatzaileen lan poltsarako, onartu eta baztertuen zerrenda argitaratu da

2023/06/28
Card image cap
Azterketa teorikoa uztailaren 17an egingo da

  9 lagunek eman zuten izena TAO kontrolatzaile lan poltsarako eta horietatik 7 onartu dira. Hautaketa prozesutik kanpo utzi diren biek ez dute betebeharreko baldintzen ziurtagiririk aurkeztu. Baina udaleko web atarian gaur argitaratu den onartu eta baztertuen zerrenda behin behinekoa da, eta erreklamazioak aurkezteko hiru baliodun eguneko epea zabaldu da. Lan poltsara presentatzeko eskola graduatua eskatu zuen Udalak. II. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza ere izan behar da baina, kasu honetan, egiaztagiria aurkeztu ez dutenei euskarazko azterketa egingo zaie.

  Gaur zabaldu den Alkate Dekretuan hautagaiek egin beharko duten proba teorikorako deialdia ere jaso da; test erakoa izango den ariketa teorikoa, uztailaren 17an Udal Euskaltegian egingo da, 13:00etan. 40 bat minutuko iraupena izango ei du probak eta emaitzak, udalaren web orrian eta udaletxeko iragarki taulan argitaratuko direla zehazten da. Bide batez, epaimahai kalifikatzailea osatuko dutenen zerrenda ere argitaratu da.

  Udalak, apirileko Osoko Bilkuran, TAO sistemaren kontrola egiten jarraitzeko aldi baterako programa onartu zuen, urtebeterako. Aipatu programan, bi TAO zaintzaile kontratatzea aurreikusten da, bakoitzaren lan jarduna % 50ekoa izaki. Txandaka arituko dira lanean, bat goizez, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 13:00etara eta bestea arratsaldez, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara.TAO kontrolatzaileen lan poltsa deialdian dena den, ez zen halakorik zehazten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!