Oñatiko udala

TAO kontrolatzaileen lan poltsarako azterketen emaitzak argitaratu dira

2023/07/18
Card image cap
Atzo egin zen proba teorikoa guztiek gainditu dute, bik euskarazkoa izango dute uztailaren 27an

  7 hautagai onartu ziren TAO zaintzaileen lan poltsarako eta zazpiek gainditu dute atzoko ariketa teorikoa. Emaitzak atzo arratsaldean argitaratu ziren udaleko web atarian. Emaitzak behin behinekoak dira eta erreklamazioren bat aurkeztu nahi duenak, ostirala, uztailaren 21era arteko epea dauka.

  Lehen azterketaren emaitzak kaleratzearekin batera, euskara azterketa egin beharko duten hautagaien zerrenda ere argitaratu da. Lan poltsarako B2 edo bigarren hizkuntza eskakizunaren maila eskatzen zen baina bik ez dute agiri bidez egiaztatu. Horiek, euskarazko azterketa hilaren 27an, ostegunarekin izango dute, udaletxean, 10:00etan.

  Bi froga horiek osatuko dute lan poltsa eratzeko oposizioaldia. Ondoren, gainditzen dutenen merituak baloratuko dira. Kasu honetan, TAO kontrolatzaile gisa edo antzerako eginkizunak dituzten lanpostutan duten esperientzia, eta eskatutako titulazio akademiko eta euskara mailatik gora egiaztatutako ikasketa eta ezagutza baloratuko da, lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak barne hartuta.

  TAO zaintzaile lan poltsaz ari gara jakinik, udalak, TAO sistemaren kontrola egiten jarraitzeko aldi baterako programa onartu zuela apirileko Osoko Bilkuran. Programan bi TAO zaintzaile kontratatzea aurreikusten da, bakoitzaren lan jarduna % 50ekoa izaki. Txandaka arituko lirateke lanean, bat goizez, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 13:00etara eta bestea arratsaldez, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara.TAO kontrolatzaileen lan poltsa deialdian dena den, ez zen halakorik zehazten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!