Oñatiko udala

Taldeka, lanean hasteko saio irekia egingo da bihar, "Emakumion etxia eraikitzen" lemapean

2024/10/11
Card image cap
Teoriatik praktikara eta ekintzara salto egiteko, hiru orduko lan saioa antolatu da, Eltzian

  Emakumion etxea izango denaren oinarriak eta norabidea finkatu ondoren, etapa berri bati ekingo zaio, etxearen barruko lanak amaitu eta irekitzen denerako prestatzeko. 2024-2025 ikasturte honetan lan talde ezberdinak eratu eta pentsatzetik ekintzara salto egingo da. Taldeka lanean hasteko lehen saioa antolatu da biharko, 10:00etatik 13:00etara Eltzian.
Udan zehar lan taldeetan parte hartzeko izen-ematea zabalik izan da, baina orain arte animatu ez denak ere prozesura batzeko aukera izango du biharko lan saiora gerturatuta.

  Udaberrian osatu zen parte hartze prozesuaren azken fasean funtsezkoak diren kudeaketa eta gobernantzari buruz eztabaidatu zen, besteak beste, gobernantza erdi-gunean kokatu gabe, hierarkian, beste rol edo funtzioen parean kokatzen zen. Erdigunean berriz, koordinazioa, komunikazioa eta proiektuaren zaintza kokatu ziren. Orain berriz, hiru oinarri nagusi horietan, eta beste batzuetan, jardungo duten lan taldeak osatu behar dira.

  Emakumion Etxiak, herriko erreferentzia gune feminista, komunitario, ahalduntzaile, eta intersekzionala izan nahi du; gune seguru, aske, anitz, ireki, osasuntsu eta eraldatzailea. Baina hori nola egin eztabaidatu eta erabaki beharko da hemendik aurrera eratuko diren lan taldeetan, bakoitzaren arduraren arabera.

  Emakumion etxiaren parte izateko mila modu daudela azpimarratu da Udaletik, norberaren disponibilitate eta inplikazio nahira egokituta. Horregatik, prozesuaren inguruko informazioa udaleko web atarian, eta emakumion-etxia atalean zintzilikatzen da, une oro, dauden eztabaidak eta hartzen diren erabakien jakitun izan eta ahal denean, eta nahi denean, prozesura batu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!