Oñatiko udala

Tailer eta ekintzez betetako udaberria iragarri da Eltzian

2025/03/27
Card image cap
Ekainaren 14an Eltzia Eguna ospatuko da

  Orain bi urte abiatu zuten Eltzian kultur ekintzak antolatzeko egitasmoa. Helburua garbia zen: pandemiaren eraginez Eltzia proiektuak jasan zuen beherakada eten eta Eltzia berriz ere modu komunitarioan indartzea. Eltziako topagunean ekintza kulturalak antolatzen hasi ziren, besteak beste, eta aurten ere horretan jarraituko dute. Gainera, tailerrak ere auzolanean antolatzen hasi dira Eltzekideak

  Modu komunitarioan edota auzolanean antolatzen dituzte ekintza eta tailer hauek, Eltziako dinamizatzailearen laguntzarekin. Eltzekideen arteko ezagutzan eta harremanetan sakontzeko bidea ematen du antolaketa modu honek.
Eltzekideen interes edo jakin-min propioetatik abiatutako jarduerak dira antolatu direnak baina herrira zabalik daude eta edozein herritarrek parte hartu dezake. 

  Martxoan egurra nola margotu ikasteko tailerra antolatu zuten Oñatiko zizelkatzaileak taldekoek eta arrakastatsua izan da, beraien esanetan. Datozen hilabeteotan sorkuntza artistikoari lotuta tailerrak antolatu dituzte bertako beste eragile batzuek: modu komunitarioan nola sortu ikasteko tailerra izango da apirilaren 4an eta argazkiak nola errebelatu ikasiko da, maiatzaren 10ean. Horretaz gain, Topaguneko ekintzek jarraipena izango dute: mahai jolasetan aritzeko goiz pasa egingo da apirilaren 26an eta bigarren eskuko azoka antolatu da maiatzaren 10erako. Edozein herritarrek izango du azoka honetan parte hartzeko aukera, nola egin, aurrerago jakinaraziko dute sustatzaileek. 

  Urtetik urtera indartuz doan Eltzia Eguna ospatuz borobilduko da udaberria. Ekainaren 14rako egun osoko egitaraua osatzen ari direla aurreratu du Sara Arregi Eltziako dinamizatzaileak. Prestaketa lanetan hasi dira eta laster iragarriko dute egitaraua

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!