Tabernen ixte ordutegia luzatzeko 2025eko egutegia osatu du Udalak

Udalaren eskumena da jai edo interes bereziko egunetan tabernen ixte ordutegia luzatzeko aukera. Tabernen kategoriaren arabera legez jarrita dagoen ordutegia beste bi orduz luzatu daiteke, gehienera. Urte osorako egutegia egin eta Alkate Dekretuz onartu da. Herriko jai nagusietan edo herri guneko auzo-jaietan ez ezik, Aste Santuan, Inauterietan, Gabonetan eta abuztuko oporren hasiera eta amaieran ere, ixte ordutegia luzatzeko aukera izango dute herriko tabernek. Baita beste bi gau puntualetan ere: beteranoen futboleko finala jokatuko den maiatzaren 10ean eta Kantoikrit egingo den gauean, hau da, uztailaren 12an.
Aste Santuan, ostegunetik igandera luzatu ahal izango da ixte ordutegia, Korpus egunaren aurreko gauean, San Migeletan, irailaren 28 eta Errosaixo bixamon gauean eta Gabonetan, abenduaren 19tik urtarrilaren 6ra.
Igandetik ostegunera kategoria arrunteko tabernek 01:00etan itxi behar dute, beranduenera, eta bereziek 02:30etan. Ostiral, larunbat eta jai bezperetan ordu eta erdi erantsi diezaiokete aipatu ordutegiari, eta aurrez zehaztutako egun berezietan beste ordu eta erdi gehiago. Ekainaren 1etik irailaren 30era gainera, ohiko ixte ordutegia ordu erdiz atzeratu dezakete lokal guztiek.
2019an ekin zion Udalak tabernen ixte ordutegiaren inguruko proposamena osatzeari, tabernarien eskariz. 2025ekoa Alkate Dekretuz onartu da, otsailaren 28ko dataz. Onartutako egutegi eta ixte ordutegi proposamenaren berri Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun bulegoari nahiz Bergarako Ertzaintzaren polizia etxeko arduradunari emango dio Udalak.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!