Oñatiko udala

Tabernen ixte ordutegia luzatzeko 2024ko egutegia osatu du Udalak

2024/02/22
Card image cap
Herriko eta auzoetako jaiez gain, beste ospakizun berezi nahiz opor garaian ixte ordutegia atzeratu ahal izango da

  Udalaren eskumena da jai edo interes bereziko egunetan tabernen ixte ordutegia luzatzeko aukera. Tabernen kategoriaren arabera legez jarrita dagoen ordutegia beste bi orduz luzatu daiteke, gehienera. Urte osorako egutegia egin eta Alkate Dekretuz onartu da. Herriko jai nagusietan edo herri guneko auzo-jaietan ez ezik, Aste Santuan, Inauterietan, Gabonetan eta abuztuko oporren hasiera eta amaieran ere, ixte ordutegia luzatzeko aukera izango dute herriko tabernariek. Baita beste lau egun edo gau puntualetan ere: Korrika 23a guretik pasako dela eta martxoaren 22 eta 23an, beteranoen futboleko finala jokatuko den maiatzaren 5ean eta Kantoikrit egingo den gauean, hau da, uztailaren 20an.

  Aste Santuan, ostegunetik igandera luzatu ahal izango da ixte ordutegia, Korpus egunaren aurreko gauean, San Migeletan, irailaren 28 eta Errosaixo bixamon gauean eta Gabonetan, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra.

  Igandetik ostegunera kategoria arrunteko tabernek 01:00etan itxi behar dute, beranduenera, eta bereziek 02:30etan. Ostiral, larunbat eta jai bezperetan ordu eta erdi erantsi diezaiokete aipatu ordutegiari, eta aurrez zehaztutako egun berezietan beste ordu eta erdi gehiago. Ekainaren 1etik irailaren 30era gainera, ohiko ixte ordutegia ordu erdiz atzeratu dezakete lokal guztiek.

  2019an ekin zion Udalak tabernen ixte ordutegiaren inguruko proposamena osatzeari, tabernarien eskariz. 2024koa Alkate Dekretuz onartu da, otsailaren 9ko dataz. Onartutako egutegi eta ixte ordutegi proposamenaren berri Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun bulegoari nahiz Bergarako Ertzaintzaren polizia etxeko arduradunari emango dio Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!