Susana Arregi eta Jon Lizarralderen heriotzen inguruko gertaerak liburu batean jaso ditu Pako Aristik
Erein argitaletxeak kaleratuko duen Irunberri 1990, arroilaren negarra martxoaren 30ean jarriko da salgai. Irunberriko arroilan 1990eko ekainaren 25 eta 26an gertatutakoak azaldu eta argitu nahi ditu Pako Aristiren liburu berriak.
Gure Bazterrak kultur elkartekoak hasi ziren Susana Arregi oñatiarraren heriotza eragin zuten gertaerak ikertzen, egia jakin nahiak bultzatuta. Baina gaiaren konplexutasunak, laguntza bilatzera eraman zituen eta halakoetan esperientzia duen Pako Aristi kazetari eta idazlearengana jo zuten, iazko urtarrilean. Honek proposamena onartu eta ikerketari ekin zion, Gure Bazterrak elkarteko kideekin elkarlanean. Turista holandar baten eta arroilan zeuden Gasteizko hainbat haurren testigantza berriak jaso dituzte eta garaiko protagonistak elkarrizketatu dituzte pista garrantzitsuak bilduz.
Irunberri 1990, arroilaren negarra liburuaren aurkezpen ofiziala apirilaren 21ean Donostiako Koldo Mitxelenan egingo da baina Oñatin, Andoainen eta Iruñean ere aurkeztuko da, apirilaren 26, 27 eta 28an. Oñatin, Santa Ana aretoan izango da aurkezpenekoa, apirilaren 26an, 19:00etan. Pako Aristi idazlea eta Gure Bazterrak kultur elkarteko kideak bertan izango dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!