Oñatiko udala

Sua piztu zen atzo Urrutxuko Garbiguneko paper eta kartoiaren kontainerrean

2024/06/13
Card image cap
Suhiltzaileek segituan itzali zuten eta zerbitzua normal ari da

  Paper eta kartoiaren kontainerretik kea irten eta sua zegoenaz ohartu zen Garbiguneko arduraduna, atzo eguerdian, 13:00ak inguruan. 112 larrialdiko telefonora abisua eman zuen eta udaltzainak, ertzainak eta suhiltzaileak berehala hurbildu ziren.

  Kontainerra nahikoa beteta zegoen arren, eta papera eta kartoia material suharbera den arren, suhiltzaileek ez zuten aparteko arazorik izan sua mendean hartzeko. Bi orduren buruan Zubillagako parkera itzuli ziren. Goizean azken txukuntze lanak egin dira Garbigunean: mugitu zen kontainerra bere lekura eraman da eta kartoia prentsatzeko erabiltzen den gailua ere jarri eta erabilgarri dago. Zerbitzua normal betetzen ari dira. Sua zerk sortu zuen ere ez da argitu.

  Ez da hori, ordea, gurean azken egunotan gertatu den intzidentzia bakarra. Baimendutako alkohol tasa oso goitik gainditzen zuen auto gidaria atxilotu zuen igandean udaltzaingoak, eta pasa den astean auto istripua eta gidarien arteko liskarra gertatu ziren Kalegoienako autobus geltokiaren inguruan.

  Domeka arratsaldean auto gidari bat atxilotu zuen udaltzaingoak; odolean gehienez onartzen den alkohol tasa 0,20 da baina  atxilotutakoak 1,58 eman zuela argitu digu udaltzainburuak. Aurretik, herritar baten deia jaso zuten, edanda zegoen gizonezko bat autoa hartzera zihoala esanez. Udaltzainak bertaratu zirenean autorik ez hartzeko konbentzitzen saiatu ziren, eta hasieran ezezkoa eman zien arren, zaintzen geratu ziren. Handik gutxira kotxearekin zihoala ikusi zuten eta geldiarazita, alkoholemia froga egin eta atxilotuta eraman zuten. Inputatu eta epaitegira joateko hitzorduarekin libre geratu zen.

  Baina ez da azken egun hauetan atxilotu den gidari bakarra izan. Kalegoienako bus geltokiaren inguruan istripua gertatu zen pasa den astearte arratsaldean, eta gidarietako bat atxilotuta eraman zuten, alkoholemian positibo emanda. Inguru berean, Kalegoienako autobus geltoki parean, bi gidarien arteko liskarra ere gertatu zen asteazken arratsaldean, 14:30ak inguruan. Ustez maniobra desegoki bat egitearen ondorioz sortu zen liskarra eta elkar joka amaitu zuten bi gidariek. Ertzaintzak bertaratu beharra izan zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!