Oñatiko udala

Sua piztu zen atzo Natur Eskolan

2023/05/26
Card image cap
Atzealdeko fatxada zati bat erre da eta kalteak baloratzen ari dira

  Suhiltzaileen kamioi bat Natur eskolan izan da gaur goizean, kea zeriola eta. Baina sua piztu zenaren abisua atzo arratsaldean, 19:30ak inguruan eman zen. Natur eskolaren atzealdean piztu zen sua eta eraikinaren horma bati eragin zion. Suhiltzaileak bertaratu ziren eta berehala itzali zuten.

  Sua lurrean hasi eta gorantz zabaldu zela uste da. Hala azaldu zuen Asier Iraeta Udaleko Ingurumen zinegotziak Goienari egindako adierazpenetan. Sua eraikinaren lehenengo pisuraino iritsi zen baina kanpoko egurrezko hormari bakarrik eragin zion, alegia ez zen barrura zabaldu, adreiluzko paretari esker. Orain kalteak baloratu eta konpondu beharko dira. Udaleko arkitektoa bertan izan da eta aseguru etxeari ere parte eman zaio.

  Natur eskolako atzealdeko fatxada estaltzen duen egurra da bereziki kaltetu eta ordezkatu beharko dena. Leiho bateko kristala ere lehertu zen, beroaren eraginez, eta sarrera nagusiko kristalezko atea apurtu zuten suhiltzaileek, eraikinera sartu ahal izateko. Ez dirudi bestelako kalte esanguratsurik izan denik, baina esan bezala, adituen ikuskatze eta balorazioaren zain daude udal arduradunak. Sua zerk eragin zuen ere argitzeke dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!