Soldata eta pentsio duinen aldeko manifestazioak deitu ditu Pentsionisten Mugimenduak apirilaren 5erako

Soldata eta pentsio duinak lemapean, gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata bidezkoak eta nahikoak aldarrikatuko dira, apirilaren 5ean, hegoaldeko lau hiriburutan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako manifestazioetan. Langile eta pentsiodun guztiei bizi-baldintza duinak izatea bermatuko dieten soldata eta pentsio nahikoak eskatuko dira.
Deialdiarekin batera zabaldu den komunikatuan salatzen denez, onartezina da finantza eta energia-enpresa handiek mozkin-errekorrak gainditzen dituzten bitartean, gero eta langile eta pentsiodun gehiagok gizarte-bazterkeriara eta pobreziara eramaten dituzten soldata eta pentsio-sarrerak izatea. Gazteei ere egiten zaie erreferentzia oharrean, adieraziz gero eta gazte gehiagok ikusten dutela zapuztuta bizi-proiektu autonomo bat. Lanean ari garen langileok eta pentsiodunok interes eta aldarrikapen berberak ditugu esanez jarraitzen du oharrak eta horregatik apirilaren 5eko manifestazioetako deia, pentsionistei ez ezik, langile guztiei zuzendu da. Soldata eta pentsio duinak lema orokorraren pean gainera, soldatetan eta pentsioetan genero arrakalarekin amaitzea, pentsioen osagarriaren sistema propioa sortzea eta patronala lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzera eser dadila eskatzen da.
Donostian, Bulebarretik irtengo da manifestazioa, 17:30etan. Oñatiarrak Donostiara deitu dituzte herriko pentsionistek. Hauek astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeetan eman da datorren larunbateko manifestazioaren berri eta joan-etorria elkarrekin egiteko izen-ematea zabaldu da. Datorren astelehenean ere izango da izena emateko aukera.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!