Oñatiko udala

Sillero oinetakoak dendak "Singular Denda" errekonozimendua jaso berri du

2024/06/17
Card image cap
San Lorentzoko Antxon harategia ere saritu dute Egiburu familiak sektorean mendea pasa daramala gogoan

  Gipuzkoa Merkatariak Federazioak Getarian egin zuen atzo urteko asanblada eta ekitaldian hainbat sari eta errekonozimendu banatu ziren. Besteak beste, Singular denda berriak izendatu ziren. Ekitaldian, 9 saltokiri aitortza egin zitzaien, tartean, Oñatiko Sillero oinetako dendari.

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia eta erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute.

  Singular dendak programa Gipuzkoako Merkatari Elkarteak sortu zuen 2014an eta hiru urte beranduago Debagoienera zabaldu zuen, Oñatiko eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Herriko komertzioek urte eta programa ezberdinetan parte hartu dute eta dagoeneko hamabik lortu dute Singular denda errekonozimendua: Maibi dekorazioak, Arkauz optikak, Andrea Azkoaga Interioristak, Candeluka jantzi dendak, Oñabikek, Trikitx dendak, Iramirak, D’Or estetikak, Txokolateixak, Itziar optikak eta, atzotik, Sillero oinetakoak ere bai. Udazkenean Singular denda aitortza eskuratzeko prozesua berria abiatuko da.

  Singular dendak ekimenaren baitan hiru lan ildo jorratzen dira: formakuntza eta aholkularitza Singular dendak izan nahi duten herriko komertzioei zuzenduta, jada bereizgarria dutenei hobetzen jarraitzeko proposamenak eta bereizgarria herrian ezagutzera emateko ekintzak.

  Gipuzkoako Merkatariak Federazioaren urteko batzarrean Oñatiko beste profesional baten familia-ibilbidea ere aitortu eta saritu zen; San Lorentzoko Antxon harategia eta Egiburu familia, hain zuzen. Antxonen birraitonak Donostiako Bretxan harategia jartzeko udal baimena lortu zuen orain 107 urte, 1917ko maiatzaren 21ean. Egiburutarrek harakin izaten jarraitzen dute egun eta Antxon lanbidean diharduen laugarren belaunaldikoa da. Emaztearekin darama San Lorentzoko harategia eta biek jaso zuten Merkatari Federazioaren saria atzoko ekitaldian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!