Sentsibilizazio jardueretarako eta larrialditarako hiru dirulaguntza eskaera onartu ditu Udalak
Garapenaren aldeko lankidetzarako udal dirulaguntzek lau lerro biltzen dituzte eta tartean dira, Oñatin bertan eraldaketa sozialerako heziketa eta sentsibilizazio jardueretarako dirulaguntzak eta larrialdiko laguntzarako eta ekintza humanitarioko proiektuak finantzatzeko dirulaguntzak. Bi laguntza lerro hauetarako eskaera epeak abuztuaren 31n eta azaroaren 1ean amaitzen dira, hurrenez hurren, baina erregistratu diren lehen hirurak bideratzea erabaki du gobernu taldeak.
Sentsibilizazio jardueretarako AMS Mundu solidarioak eta EREI elkartasunerako elkarteak bideratutako eskaerak onartzea erabaki da; Gure identitatea, bi begirada helburu berbera da AMS Mundu solidarioaren egitasmoa. 500 euroko dirulaguntza emango du Udalak. EREI elkartasunerako elkartek berriz, Kulturarteko bizikidetzarako urratsak ematen ahots migratuen bidez egitasmorako laguntza eskatu du eta 4.000 euro jasoko ditu Udaletik.
Larrialdietarako dirulaguntzen atalean berriz, Hotz Oñati taldearen eskaera jaso eta onartu du Udalak. Migratzaileek eta errefuxiatuek ihes egiten duten itsas ibilbideetan laguntza humanitarioa eta erreskatea ekintzetarako laguntza eskatu du eta 4.000 euroko laguntza eskuratuko du.
Orain onartutako dirulaguntza hauek dagokien txosten eta agiriz zuritu beharko dituzte hiru elkartek, abenduaren 31a baino lehen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!