Seme-alabako 200 euroko dirulaguntza bihartik aurrera eska liteke
Eta horien gurasoak dira, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak onartu duen hileroko dirulaguntza honen onuradunak, 3 urtera arteko seme-alabak dituztenak, edo familia ugaria izaki, 7 urtera bitarteko seme-alabak dituztenak. Eskaerak bihartik aurrera egin ahal izango dira eta urtarrilaren 1etik aurreragoko indarraldia izango dute.
Familiei zuzendutako hileroko dirulaguntza berri hau 200 eurokoa izango da, seme-alaba bakoitzeko, haurrak hiru urte bete bitartean. Familia ugarien kasuan berriz, laguntza luzatu egingo da, haurrak 7 urte bete bitartean, baina 200 euro izatetik 100 euro hilean izatera pasako da azken lau urteetan. Haurrak %33 edo gehiagoko minusbalia duenean berriz, laguntza bikoiztu egingo da, 400 edo 200 euro hileko bihurtuz.
Orain pare bat aste onartu ziren dirulaguntza hauek bihartik aurrera eskatu litezke telematikoki, BAKQ identifikazioaz, euskadi.eus atarian edo, aurrez aurre, Zuzenean egoitzetan, postetxe edo udaletxeetan. Dirulaguntza hauek eskatzeko epea bihar irekitzen den arren, laguntzak atzera eragina dauka eta urtarrilaren 1etik aurrerako ordainketak egingo dira, eskaera, urriaren 31a baino lehen egiten dutenen kasuan. Hortik aurrera, eskaera onartu ondorengo hilabeteei dagozkien ordainketak egingo dira. Argibideetarako telefono zenbaki eta posta elektroniko bana aktibatu ditu Jaurlaritzako gizarte politikoetarako sailordetzak. Telefonoa: 945 062 040 da eta helbide elektronikoa berriz: umeak@euskadi.eus
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!