Oñatiko udala

Selma Huxley IV. ikerketa bekara proposamenak aurkezteko epea zabaldu da, ekainaren 28ra arte

2024/05/17
Card image cap
Selma Huxley III. bekaz egindako lanaren aurkezpena
Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko genero ikuspegidun ikerketak osatzea da bekaren helburua

  Emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak aitortu, ezagutarazi eta balorean jarri nahi dira. Lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan edota kultur mailan Oñatiko emakumeen ekarpena aztergai duten lanak aurkeztu daitezke IV. Selma Huxley Barkham bekara. Apirileko Osoko Bilkuran onartu zen deialdia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

  18.000 euroko beka da eta lana egiteko 18 hilabete izango dira. Selma Huxley beka norbanakoek edota lantaldeek eskatu dezakete. Taldea den kasuan, ikerlanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko da. Beka jaso ahal izateko goi mailako tituluduna izan beharko da eta taldeen kasuan, gutxienez, taldekideen %60ak formazio hori izan beharko du.
Lana euskaraz aurkeztu beharko da eta lan prozesuko elkarrizketak ere euskaraz izango direnez, C1 edo baliokidea den agiria izatea eskatzen da, gutxienez, lan taldearen % 60ak.

  Ikerketa beka eskuratu nahi dutenek, izen-emate eskabidearekin bateta, curriculuma eta egin asmo den lanaren proposamena aurkeztu behar dute. Proiektu proposamenetan ondorengoak jaso beharko dira: lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikerketaren helburuak, materia eta metodologia, lanerako plana eta kronograma, eta aurreikusitako emaitzak eta horien interesa. Aldi berean, lana amaitu ondoren aurreikusten den hedapenaren programa ere zehaztu behar da. Hori guztia 10-20 orrialde arteko proiektu proposamenean jaso behar da. Ikerketa bekarako proposamenak ekainaren 28ra arte aurkeztu daitezke.

  Selma Huxley beka esleitzerakoan kontutan hartuko dira, ikerketa proiektuaren planteamendua, argitasuna eta bideragarritasuna, eskatzailearen curriculuma, eta Oñatiko udalerriaren ezagutza egitasmoan islatu izana, besteak beste. Hautagaiek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean edota mugimendu feministan duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza ere baloratuko da.

  Selma Huxley beka hirutan eman da orain arte eta horiei esker Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista bat; Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020 eta Oñatiko emakume-mojak: izaera, bizimodua eta ekarpena ikuspegi feministatik lanak egin ziren. Orain, laugarren ikerketa bekarako deialdia zabaldu berri du Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!