Selma Huxley ikerketa bekaren oinarriak eta 2024ko deialdia hizpide izango da gaurko Osoko Bilkuran
Apirileko Osoko Bilkura arina aurreikusten da lan zerrendari erreparatuta. Azken orduko presazko gai edo larrialdi moziorik aurkezten ez bada, zerrendatu diren tramitezko gaiak azkar ebaztea espero da. Sei gai konkretu jaso dira eta aipagarria da Selma Huxley Barkham ikerketa bekaren aurtengo deialdia egitea proposatuko zaiola udalbatzari. Bekaren oinarri arautzaileak ere azaldu eta onartuko dira. Aurtengoa laugarren Selma Huxley ikerketa beka izango da, aurrez, Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista , Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020 eta Oñatiko emakume-mojen identitatea, bizimodua eta ekarpena ikuspegi feministatik izeneko lanak egin dira.
Santxolopeztegi areako Fagor Industrialen partzelaren xehetasun azterketa behin betiko onartzea ere proposatuko da, apirilaren 8an Hirigintza batzordean diktaminatutakoari jarraituz.
Presazko gaien artean, TAO kontrolatzaileen programa urtebetez luzatzea eztabaidatuko da. Egun udalak indarrean duen programa honen lehen urratsak 2022an eman ziren, enplegua sustatzeko toki ekintzetarako egitasmoaren baitan bi TAO zaintzaile aldi baterako kontratatu zirenean. Bost hilabetez aritu ziren TAO guneak zaintzen, eta begi-bistako ondorioa atera zen: kontrola egingo duen norbait behar dela sistema benetan eraginkorra izan dadin. Egun horretan diharduten bi langileak iazko udazkenean hasi ziren lanean, apirilean, kontratazio horiek ahalbideratu zituen aldi baterako programa sortzea erabaki ondoren. Programa urte betez baina beste hiru urtez luzatzeko aukeraz abiatu zen eta gaurko Osoko bilkuran, urtebeteko lehen luzapena egitea proposatuko da.
TAO/OTA sistema orain zortzi urte, 2016an, jarri zen indarrean, erdiguneko aparkalekuetan ibilgailuen errotazioa errazteko helburuz. Doan den arren, aparkalekuek denbora muga dute eta hori gaindituta autoak zonaldez aldatu behar dira. Aita Mortara eta Bidebarrieta inguruan berriz, bertakoentzako gordetako aparkalekuak daude. Sistemaren arauak betetzen direla egiaztatzen dute bi TAO langileek.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!