Santa Zezilia gogoan ospakizun eta emanaldi ugari eskainiko dituzte herriko musikariek datozen egunotan.
Etzi, azaroaren 22an ospatzen da Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna. Eta ohiturari jarraituz, ospakizun ugari izango dira egunean bertan eta asteburuan zehar.
Herriko txistulariak izango dira kalera irteten lehenak. Aspaldiko usadioari jarraituz, goizean goiz, lanera joan aurretik, eguneko lehen goiz-eresia joko dute plazatik irtenda.
Arratsaldean berriz, Jose de Azpiazu musika eskolakoek eta musika bandakoek hartuko diete lekukoa.
Jose de Azpiazu musika eskolakoek, Euskal Herriko beste 40 musika eskolekin batera “Musikalean” ekimenean parte hartuko dute. Hala, Euskal Herriko txoko ezberdinetan Mª Jose Arregi azkoitiarrak propio sortu duen MUSIKALEAN doinua eskainiko dute. Baina Oñatin, beste estreinaldi berezia izango da etzi, 2013an gurean ospatuk oden MUSIKALDIA jaia iragartzen duen MUSIKARI abestia lehen aldiz kantatuko baita. MUSIKARI musika eskolako ikasle izan ziren Lander Diaz de Gereñuk eta Egoitz Aizpuruk sortu dute.
Jose De Azpiazu musika eskolakoen ospakizun-kalejira Berdura plazatik arratsaldeko 5:30ean abiatuko da eta bertan, ikasleek ez ezik, hauen gurasoek ere parte hartuko dute. Jaia borobiltzeko, txokolatea banatuko zaie guztiei.
Ordubete beranduago berriz, 6:30etik aurrera, musika bandak ere Santa Zeziliaren omenezko kalejira hasiko du. Ekitaldi hau domeka goizean errepikatuko da, eguerdian izango den Santa Zezilia kontzertuaren aurrerapen gisa. Urteroko ohiturari jarraituz, domekan, Parrokiako koruek, emakumez eta gizonezkoenak parte hartuko dute bandaren kontzertuan. Santa Ana aretoan izango da eguerdiko ordu bata laurden gutxitan. Ondoren, denok elkarrekin, lagun arteko bazkaria egingo dute.
Herriko beste abesbatzek erei zango dute emanaldi berezi eta ospakizunik. Pake Leku elkarteko Aloña abesbatzak ostegunetan egin ohi duten entsaio ondorena aprobetxatuko dute bokadutxo bat elkarrekin jateko.
Oñati abesbatzak, zapatu arratsaldean Agustinoetan izaten den meza kantatuko du eta ondoren afaria egingo du eta Oñatiko Ganbara abesbatzak berriz, zapatuan zita Avilesen du, bertako nazioarteko abesbatzen lehiaketan.
Musikazale eta musikaririk ez da falta herrian eta Santa Zeziliak ez du omenaldi eta eskaintza berezirik faltako etzi, azaroaren 22an, bere egunean.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!